Mentxu Gal jaio zenetik ehun urte bete dira
Mentxu Gal Orendain margolaria izan zen, eta ehun urte bete berri dira bere jaiotzatik (Irun, 1919ko urtarrilaren 7a – 2008ko martxoaren 12a). Bere izenean parke bat du Donostian, Amaran hain zuzen, eta aspaldian eztabaidagai izan dira parkeko komunak. Kafetegi bihurtzeko proiektua onartu zuen Donostiako Udalak 2017ko urtarrilean, baina bertan behera geratu zen asmoa 2018ko martxoan. Eguzki talde ekologistak eskatu izan du erabilera pribatuko jarduerarik ez jartzeko komunen lekuan, baita parkea biziberritzeko eta bertako zuhaitzak errespetatzea ere.
Txikitatik maite izan zuen pintatzea Mentxu Galek, eta gaztetan Gaspar Montes Iturrioz izan zuen irakasle. Madrilgo San Fernando Arte Ederretako eskolan egin zituen margolaritza ikasketak, eta 1933an Parisera joan zen ikasketak sakontzera. Pintura figuratibista landu zuen, baina garaikidea, garaiko pinturaren ezagutza sakonean oinarritutakoa. Bidasoko nahiz Gaztela-Mantxako paisaiak eta erretratuak daude bere lanik ezagun eta estimatuen artean. Bi erakusketa antologiko egin zituen Donostian, 1986an eta 1992an. Haren izenean fundazio bat ere badago.