Mikel Laboaren omenezko kantu jira Urumean
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Urumea ibaia ezagutzeko bisita bereziak egin zituen abendua amaieran. Horietako bat Mikel Laboaren omenez egin zuten. Amara Berriko kantu jirarekin elkarlanean musikari donostiarraren kantuekin gozatu zuten ibaian zehar egindako bisitan. La Motora de la Islako lagunek ‘Txoria txori’ kantatu zuteneko momentua grabatu zuten, eta bideoa partekatu du IRUTXULOKO HITZAk.
Haritzalde elkarteak azaldu du zergatik egin zuten Mikel Laboaren omenezko txango berezia:
Haritzalde Naturzaleen Elkarteko hazia Kristina Enean sortu zen 1991ean, baina bere ibilera talde antolatu gisa 1992an hasi zen Loiolako Erriberaren altzora, Urumean proiektaturik zegoen ibaiaren kanalizazioaren aurka borrokatuz (azkenean 1996an burutu zen). Hortaz, Haritzalde sortu zen Kristina Enea eta Loiolako Erribera artean, egungo Mikel Laboa zubian izan zela esan daiteke. Elkartean, gure arloa Ondare Naturalarena izan bada ere, dibertsitatea zentzu zabalean ulertu dugu eta beti Natura, euskara eta Kultura uztartu eta bultzatu ditugu, jarduera mota ezberdin ugari antolatuz. Mikel Laboa eta bere lana ispiritu horren adibide garbiak dira. Abenduaren 1ean bere heriotzaren 10.urteurrena bete zen eta zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Aldi berean, Loiolako Erribertxo Kultur Elkartearekin batera azken urteetan elkarlanean ari gara ekintza ezberdin aurrera ateraz, eta haiekin bilera egin ostean, omenaldi xume txikia egitea otu zitzaigun. Eta nola ez, kantu bidez izatea modurik egokiena izango zela bururatu zitzaigun. Horregatik, eta txalupa eskuragarri genuela aprobetxatuz kantu-jira berezia prestatu dugu Ikasbide Elkarteko kantu-jirako lagunen laguntzaz. Ibilbidean zehar, zubi bakoitzean geldialdia eginez, euskal abesti ezagunak kantatuko ditugu, Mikel Laboa pasabidean abeslari donostiar ezagunaren 3 kanta abestuz.