(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Zuhaizti eta Manteora joango da Claret ikastolako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen gehiengoa. Ikasturtea bukatzerakoan itxiko ditu ateak Groseko ikastetxeak. Ordutik ari da lanean gurasoen elkartea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari egindako eskaera bete ahal izango dela jakinarazi diete gaur goizean. Hain zuzen, ikasleek auzoan ikasten jarraitzeko aukera izango dute.
Gurasoen elkartea Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzarekin bildu da gaur, Jaurlaritzaren Andia kaleko egoitzan. “Bilera erabakigarria zen guretzako, eta pozik gaude gure eskaerak bete ahal izango direlako”, azpimarratu du Ricardo Gonzalez gurasoen elkarteko presidenteak. Clareteko guraso gehienek Zuhaizti –lehen hezkuntza– eta Manteo –bigarren hezkuntza– hautatu dituzte euren seme-alabak kokatzeko. Aukera hori bermatua izango dute.
Era berean, beste ikasketa zentroak aukeratu dituzten gurasoek ere beraien nahia bete ahal izango dute. “Ez da horren erraza izango, baina ikasle horiei ere lekua egiteko aukera dagoela adierazi digute”.
91 urteko ibilbidea etengo du Groseko ikastetxeak. Matrikulazio faltak eragin du erabakia, eta orain, guraso elkartea ikasleak kokatzeko lanean ari da.