Lasartetik iritsiko da Korrikaren lekukoa Donostiara, eta Pasaiara joango da
2019ko Korrikaren ibilbidea zehaztu du AEK-ko antolakuntzak. Apirilaren 4an, 17:00etan irtengo da Garestik, eta apirilaren 14an bukatuko da, Gasteizen. Apirilaren 12an, 16:28an sartuko da Donostian 21. Korrika. Lasartetik iritsiko da lekukoa Gipuzkoako hiriburura, eta Pasaiatik irtengo da, 21:05ean.
Aurtengo leloa Klika izango da, eta omendua, berriz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izango da. Kulturan, euskalgintzan zein pentsamenduan egindako ekarpenagatik omenduko dute Txillardegi. Azaroaren 29an aurkeztu zuten abestia.
Kilometroak erosteko aukera
Kilometroak erreserbatzeko aukera laster zabalduko dute, urtarrilaren 14an. Interesa dutenek harremanetan jarri beharko dute Korrika bulegoekin, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko. Gipuzkoako harremetarako kontaktuak hauek dira:
946 464 000 telefono zenbakia eta gipuzkoa@korrika.eus posta elektronikoa.