Udal txistulari taldeko kideak. (Argazkia: Donostiako Udala)
San Sebastian egunaren iragarpen kontzertua eskainiko du Donostiako Udalaren txistulari taldeak, udaletxeko areto nagusian, hainbat artistekin batera: Eskola Gurutziaga, Kresalako haur danborrada, Zuhaizti ikastolako dantzariak, Donostiarra Metal Boskotea… Igandean izango da emanaldia, 12:00etan; sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.
Gure Donosti obrak emango dio hasiera kontzertuari, Jose Olaizola musikariaren heriotzaren 50. urteurrena gogora ekarriz. Donostian ezagun eta esanguratsu izan diren pertsonaia ugari izango dituzte gogoan. Iaz hil zen Luis Udakiola txistulari eta biolin jotzailea ere oroituko dute, Inauterietarako hark prestatutako doinu barregarri eta zaratatsuekin. Ibon Casas musikari donostiarrak sortutako
rock itsua ere estreinatuko dute, txistu talde eta danborradarekin jota.