Zinema kritika: 'Basahaideak'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendaria: Elsa Oliarj-Ines Urtea: 2017 Herrialdea: Frantzia-Espainia – Zuberoko doinu libreak – Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdia urteko lehen zinema festibala izaten da gure artean. Aurten hamabigarrenez abiatu dute Donostian, eta musika estilo orotariko filmak ikusteko parada emango du, ia beti gauza berriak topatzea bideratzen baitute. Horien artean Elsa Oliarj-Ines zuzendari zuberotarraren lan berria proiektatu dute, Basahaideak, zuberotar abesti herrikoiei buruzko dokumentala. Filmaren iturburua zuzendariaren anaia den Oihan musikari gaztearen bilaketa genuke, bere jaioterriko kantuak aintzat hartuz, gure garaira egokitzen saiatu baititu. Disko bikain bat argitaratua du Oihanek, Oihaneko Zuhainetan, non doinu herrikoiak jazz, rock, blues eta beste erritmo eta estilo modernoekin nahastu dituen. Antza denez, hasieran, Elsaren lana anaiaren proiektuaren making off bat egitea zen, baina zinemagileak harago joatea erabaki zuen, eta bukaeran berezko dokumentala sortu du. Bilaketa bat oinarri duten dokumental guztietan bezala, Basahaideak Zuberoako mendi paisaia zabaletatik abiatzen da, gailurrak eta bailarak; eta, tarteka, bertatik lekuko airea zeharkatzen duten hegaztiak erakusten. Orduan gizakiak agertzen hasten zaizkigu, abesten, eta bere kantuek ingurua hartzen dute. Hauen alboan Oihan Oliarj-Ines azalduko da, bere soinu tresneriarekin koplarien doinuak harrapatzen. Filma aurrera doan heinean, abeslari desberdin anitz ikusi eta entzungo ditugu, Zuberoako kantutegia zeharkatuz. Batzuek paisaia irekietan abestea hautatu dute, beste batzuek basoan zehar egindako ibilaldi bat, grabazio estudioa edo baseliza txiki bat hautatu dituzten bitartean (hauen artean Niko Etxart, Maddi Oihenart, Lucien Joa Larraus edo Mixel Etxekopar). Oihan musikaria bardoekin hitz egiten ikusiko dugu, sortzen ari den nahastearen inguruan solasaldian. Batzuk, Arño Belhi Bidalunen kasuan, adibidez, nahiko eszeptiko agertzen dira eta, nahiz eta ez duen zuzenean esaten, argi dago ez daudela guztiz eroso esperimentuarekin. Hori bai, Bidalunekin nahasten den kanta (Bortuan Ahuzki) filmean entzuten dugun ederrenetakoa da. Sorkuntza berriak betiko doinuari aire freskoa gehitzen dionez, beste abeslari gehienak tradizioaren berrikuntza dela onartzen dute (Niko Etxarterekin elkarrizketan ikusten da hau, adibidez). Filmaren bukaera Oliarj-Ines anai-arrebek sortu nahi izan dutenaren laburpen gisa ikusi daiteke. Mixel Etxekopar, txirula eta ttun-ttunarekin, Belatxa doinua jotzen hasiko da grabaketa estudioan, eta beste musikari guztiak jazzean murgildutako bilatzaileen antza gehituko zaizkio energia progresiboan (teklatua, bateria, baxua, gitarra elektrikoa), jotzen ari den soinu tradizionala zauritu gabe. Antzeko esperimentuak jazzean entzun izan dira soilik (musika etnikoa, flamenkoa, latinoa, kopla, eta abar luzea), eta musikarien ausardiak soinu berrien aurkikuntza ekartzen du. Batzuetan akats egin daiteke bidean, baina esploratzaile guztiek hutsak egin behar dituzte benetako sorkuntzak egiteko. Tradizioa berritzeak arriskuak dakartza, eta horren aurkako puristak nonahi azalduko dira, baina askotan hemen idatzi dudan moduan, sorkuntza berriztatzaileenak eta originalenak ausartek bakarrik asmatzen dituzte. Basahaideak filmeko pasadizo batean Mixel Etxekoparrek dioen bezala: «Kantuek libreki hegan egin beharko lukete, bestela hil gabeko ehortzitako soinuak lirateke».