Añorgaren historia, irudiz irudi jasoa

Gorga Historia Mintegiak duela hamar urte ekin zion lanari, orduan lortu baitzuten auzoko «altxor» handia: Ganuza familiaren argazki eta bideo artxibo mamitsua; askoz material gehiago lortu dute ordutik, auzotarren eskuetatik.
Duela 25 urte inguru jada egin zuten lehen saiakera añorgatarrek auzoko argazki zaharrak berreskuratzeko. «Auzoan bazegoen familia bat, Ganuzatarrak, eta altxor bat zuten. Beraien atzetik hasi ginen bagenekielako material asko zutela eta beldur ginen harekin zer gertatuko zen», dio Josema Mendiolak. «Bi belaunalditan, gutxienez, auzoko argazkilari ofizialak izan ziren. Auzoan egindako jarduera asko Rezolak berak bultzatu zituen eta haiek jarri zuten argazkilaria», gehitu du Aitor Basurtok. «Borroka gogor» baten ostean, ordea, ez zuten arrakastarik izan. Azkenean, duela hamar urte, Errege egun batez, Andoni Aiestaranek lortu zuen Ganuza anaiek uztea etxean zuten material guztia eramaten. Asko poztu zen Mendiola: «Andonik deitu zidan eta sekulako poza hartu nuen, denetik zuten han! 5.000 argazki, positiboak, negatiboak, pelikulak, kristalezkoak…».
Basurtok dio erabaki zutela «altxor» hori denentzat izatea: «Balore hori norbaitena izan behar zen, eta norbait hori auzoa izan behar zen. Horregatik atera zen elkarte formal bat ofizialki sortzearena». Erreferentziatzat izan zuten Altzako Historia Mintegia, esaterako, eta lanari ekin zioten: «Haien aldean gu oso txikiak gara, haiek helburu handiagoak dituzte, baina kontuan izan genituen sorreran, eta Gorga Historia Mintegia jarri genion izena». Gorga Añorgako erreka zaharra zen, eta garai batean ahaztua izan zutenez, izen hori berreskuratzea erabaki zuten. Gogoan dute elkartea sortzeko deia egin zutela, bazkideak lortzeko, eta dirua jarri behar izan zutela lehenengo inbertsio eta ekipamenduetarako: «Hamabost lagun inguru elkartu eta bakoitzak 600 euro jarri genituen».
Mendiolaren bodegan hasi ziren elkartzen, eta gero, Rezolak zuen Apaizaren Etxera igaro ziren. Hura bota zutenean, Zinearen eraikinera igaro ziren, eta han jarraitzen dute.
Hasierako lana ez zen batere erraza izan. Auzoko batek, Juan Mari Zurutuzak, Eusko Ikaskuntzan lan egin zuen, Manuel Lekuonaren lan guztia katalogatzen, eta noski, laguntza eskatu zioten. «Eskaneatu eta eskaneatu hasi ginen, eta lehenengo 500 argazkiak eskaneatu eta gero, Zurutuzak esan zigun egindako lan guztiak ez zuela ezertarako balio. Ondo egiteko, tiff formatuan eta 600 pixeleko resoluzioan egin behar zirela esan zidan, eta nik ez nekien hori zer zen ere. Dena ezabatu eta berriro hasi ginen, bere laguntzarekin». Ordenagailu bat ez zuen aurretik sekula ukitu Mendiolak, baina ordutik, asko ikasi du: «Ikasi du ordenagailuez, argazkigintza munduaz, eta sekulako gaitasuna landu du antzekotasunak hartzeko. Argazki zaharrak ikusi, eta ezagutu ez duen jendea zein familiakoa den daki! Izugarria da!», dio Basurtok. Mendiolak onartu du hori horrela dela: «Bai, egia da. Askotan esan diet, gainera, argazkiek hitz egiten dutela, eta egia da. Gauza asko jakin ditut argazkien bidez». Gainera, argazki gehienak buruz dakizki Mendiolak, eta garai bateko erretratuak asko baloratzen dituela dio.
34.000 argazki
Hasierako lorpen horren ostean, asko izan dira familia batetik eta bestetik jaso dituzten argazkiak, eta guztiak digitalizatu dituzte, errepikatuak egonda ere, bada ez bada. Horrela, 34.000 argazki dituzte egungo artxiboan, hainbat daturen arabera sailkatuak. Gorga.eus webgunean kontsultatu daitezke argazkiak, baita auzoko aldizkarien pdf-ak eta bideoak ere. Pelikulak Euskadiko Filmategira eraman zituzten, aukera onena hori zela iruditu zitzaielako, eta elkartearentzat kopia bana gorde zuten.
Gorgakoek nahi duenari ematen dizkiote argazkiak pendrive batean. «Zenbatek topatu dituzten bere familiako argazkiak, aurretik ikusi gabe zituztenak! Izugarria da!», dio Basurtok.
Auzoko festekin bat eginez, argazki bilduma bat osatzen dute urtero; banatu, saldu edo edonola zabaltzeko, liburuxka batean, gai baten inguruko argazkiak aukeratuta. Argazkiak tamaina handian inprimatu eta erakusketaren bat ere prestatu izan dute; oso gogoan dute ezkontzetako argazkiekin osatutakoa, esaterako. Jarraituko dute gehiago egiten ere, ideia asko