(Argazkia: Inaxio Esnaola)
91 urteko ibilbidea etengo du Groseko ikastetxeak. Matrikulazio faltak eragin du erabakia, eta orain, guraso elkartea ikasleak kokatzeko lanean ari da.
Ekainean itxiko ditu ateak behin betiko Groseko Claret ikastolak, 91 urteko ibilbidea egin ostean. 2016 urtera arte Mariaren Bihotza izena zuen ikastolak, eta egun 200 ikasle inguru ditu. Albistea jakin orduko lanean hasi zen gurasoen elkartea ikasleak auzoko beste ikastetxeetan kokatzeko. Horretarako, Gema Gonzalez Txabarri Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariarekin harremanetan jarri ziren, eta gurasoen gehiengoaren nahia bermatu ahal izango dute. Hau da, Clareteko ikasleek auzoan ikasten jarraitzeko aukera izango dute. Gehiengoa Lehen Hezkuntzako Zuhaizti eta Bigarren Hezkuntzako Manteo ikastetxe publikoetara joango dira.
Claret ikastolako gurasoen elkartea Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzarekin bildu zen asteazkenean, Eusko Jaurlaritzaren Andia kaleko egoitzan. «Bilera erabakigarria zen guretzako, eta pozik gaude gure eskaerak bete ahal izango direlako», azpimarratu du Ricardo Gonzalez gurasoen elkarteko presidenteak.
Clareteko guraso gehienek Groseko hiru ikastetxe aukeratu zituen euren seme-alabak kokatzeko: Zuhaizti, Manteo eta Zurriola. Hezkuntza ordezkaritzak guraso elkartearen eskaera ontzat jo ondoren, lanketa prozesu bat abiatuko dute elkarlanean. «Familiekin elkartuko gara dauden aukeren berri eman, eta dena bideratzeko datorren ikasturteari begira».
Ezustekoa
Azken urteetako joera ezagutu arren, guraso askok ez zuten uste Claret ikastolaren itxiera horren azkar iritsiko zenik. «Nik ez nuen espero, baina egia da azken urteetako matrikulazio kopuruak nabarmen egin duela behera», esan du Gonzalezek. Ikastetxea zabalik mantentzeko azken aukera ere bertan behera geratu dela gaineratu du: «Jaurlaritzari eskatu zioten ikastolaren erdia zabalik mantentzeko ikasmaila baxuetako ikasleentzako. Ordea, erantzunik ez dute eman, eta gurasoek erabaki zuten aukera hori baztertzea».
Claret ikastolaren itxierak ikasle, irakasle eta gurasoak kaltetuko ditu: «Irakasleak dira kaltetuenak. Askok bi hamarkada baino gehiago daramate ikastolan, eta orain 50 urterekin lanik gabe geratuko dira. Bigarren kaltetuenak, aldiz, ikastolako ikasleen guraso diren irakasleak dira. Langabeziara doaz eta gainera haurrak kokatu behar dituzte beste ikastetxeetan», esan du Gonzalezek.
Irtenbidea erraza ez bada ere, ikasleen egoera bideratzeko aukera gehiago daude. Ikasleek auzoan ikasten jarraitu nahi dute, eta hori lortzea uste baino zailagoa ari da izaten gurasoentzako. «Txikienek eta DBHn daudenek ez dute horrenbeste nabarituko aldaketa, baina horien tartean dauden ikasleek bai. Izan ere, gurasoek ez dute beraien seme edo alaba bakarrik eraman nahi beste ikastetxe batera».
Guraso elkarteak 5 eta 10 bitarteko ikasle multzoak elkarrekin kokatzeko saiakera ugari egin ditu, eta ondo bidean, lortuko dute. «Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzarekin bildu ginenean argi esan ziguten ikasleak multzoan mugitzeko aukera gehiago zeudela hezkuntza publikoan». Horrela, Zuhaizti eta Manteo zentroen aukeraren alde egin zuten familiek.
Albo kalteak
Ikasle, irakasle eta gurasoak ez dira itxieraren kaltetu bakarrak. Mariaren Bihotza parrokian sortu zen Urrats aisialdi taldea kezkatuta dago. Urteetako jarduerari jarraipena eman nahi diote, baina ez dakite ikastolaren eraikinean geratu ahal izango diren. «Ikastolan dugu lokala eta patioa erabiltzen dugu gure dinamikak egiteko haurrekin. Parrokiako arduradunekin bilduko gara laster», adierazi du Laura Garcia Eulatek, aisialdi taldeko kide eta ikasle ohiak.
Azken urteetako errealitatea bertatik bertara ikusteko aukera izan dute Urrats taldekoek. Horrela, Garcia Eulatek itxiera gertu zegoela uste zuen. «Haur kopurua asko jaitsi da, eta gogoan dut duela bi urte Lehen Hezkuntzako matrikulazioa oso baxua izan zela. Itxiera noiz izango zen jakitea zaila zen, baina zetorrela bagenekien. Inguruko ikasketa zentroek antzeko eskaintza izateak ez du lagundu».
Claret ikastolaren itxieraren galera, batez ere, han ikasi dutenek nabarituko dutela uste du Garcia Eulatek. «Ikastolan ia dena egin dut, eta han jarraitzen dut. Bertan ibilitakoek nabarituko dugu hutsunea, baina uste dut kanpokoek ez dakitela hor ikastola bat dagoela».
Urrats aisialdi taldearekin aurrera jarraitu nahi dute begiraleek, eta horretarako aukera guztiak aztertzen ari dira. «Eraikinarekin zer gertatuko den jakin arte, ez dugu erabakirik hartuko. Baina argi dugu jarraituko dugula». Ikastolak gurasoekin harreman zuzena izateko aukera ematen die, eta aurrerantzean lan hori ere hartu beharko dute. «Prest gaude egokitzeko. Gros auzoari eskaintzen diogun zerbitzua mantenduko dugu».