(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Donostiaren arazo nagusienetakoa da etxebizitza. Herritarren pertzepziorako azken inkestak horrela dio; alegia, kezkarik nagusiena da. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hamar neurri aurkeztu ditu EH Bilduk. Horien berri eman du Ricardo Burutaran zinegotziak kazetariekin egindako gosari prentsaurreko batean.
“Egia da etxebizitzaren arazoa ez dela atzo goizekoa, eta ez dela erraza izango joerei buelta ematea; baina udalak, lehenbailehen eskua hartu behar du; ezin du denbora gehiago galdu”, dio udal taldeak aurkezturiko txostenak. Horren haritik aurkeztu ditu Burutaranek proposatzen dituzten hamar neurriak: “Irekiak dira, eta egokitu daitezke. Herritarrei eta udal taldeei helarazi nahi dizkiegu, gaiaren inguruko hausnarketa egin eta erabakiak hartzeko”.
Hona hemen, banan-banan eta era laburrean hamar neurriak.
- Alokairu publikoak biderkatzea. Udalak bere inbertsioen %5a urtero etxebizitza parke publikoa osatzera bideratzea proposatzen dugu. Diru horrekin eraikitzeaz gain, etxebizitzak erosi eta zaharberritzeko ildo bat irekiko litzateke, etxebizitza hauek guztiak alokairuan eskaintzeko.
- Hutsik dauden 1.000 etxebizitza alokairura ateratzea, 2 urtetan. EAEko Etxebizitza Legean aurreikusitako mekanismoak martxan jartzea proposatzen dugu, bai Eusko Jaurlaritzan bai Donostiako Udalean. Premiazkoena udalak hutsik dauden etxebizitzen zerrenda egitea da.
- Babestutako etxebizitza gutxieneko kopurua %50era igotzea. Sustapen berrietan, baldin eta horretarako bideragarritasun ekonomikoa frogatua badago, babestutako etxebizitza kopurua, gutxienez, %50 izatea proposatzen dugu. Gaur egun %40koa da.
- Pisu turistikoak: Lehen solairuaren araua berreskuratzea. Pisu turistiko kopurua asko murriztuko luke, ohiko alokairua sustatuko genuke, eta gainera, pisu turistikoen bizilagunen komunitateetan dagoen arazo ugari konponduko litzateke.
- Legez kanpoko pisu turistikoak ohiko alokairura bideratzea. Udalbatzak aho batez legez kanpoko pisu turistikoak ohiko alokairura bideratzen laguntzeko konpromisoa hartzea lortu genuen. Urtebete baino gehiago pasa denean udalak ez du ezer egin.
- Unibertsitariei etxebizitza lortzen laguntzea. Udalak programa berezi bat martxan jartzea proposatzen dugu, ikasleak Donostiako hiru unibertsitateetara etortzea errazteko.
- Eraikuntza berria. Sustapen berriak egiteko orduan, herritarrekin partekatutako egitasmoak lehenestea proposatzen dugu (Hiri Lorategia Loiolan, esaterako). Era berean, dagoeneko kontsumitua dagoen lurzorua erabiltzea hobetzi behar da, eta bideraezinak diren makro-operazioak baztertu behar dira behin betiko: Auditz-Akular eta Antondegi.
- Familia eredu berriak. Ekipamenduko apartamentuak beste kolektibo batzuei zabaltzea proposatzen dugu: bananduak, familia monoparentalak, premia larriko egoeran daudenak eta abar.
- Etxebizitza kooperatibak. Udalak hiru lursail edo eraikin eskaintzea proposatzen dugu, eskumen lagapen formularekin. Parte hartzaileek babesturiko etxebizitzen baldintzak bete beharko lituzkete. Udalak etxebizitza kooperatibak sustatzeko eragile aktiboa izan behar du.
- Stop Kaleratzeak. Etxegabetzerik gabeko hiria izatea, berriz ere, pasa den legealdian bezala.