Komisaldegi eta eraikin judizialetako garbitzaileak manifesazioan. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Manifestazioa egin dute gaur goizean Gipuzkoako komisaldegi eta eraikin judizialetako garbikuntza zerbitzuetako langileek. Egiako epaitegitik abiatu dira eta San Martineko epaitegian amaitu dute protesta. Sektoreko langileek 115 egun daramatzate greban, 2018ko irailaren 19tik, hain zuzen, ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuen babesarekin.
Diotenez, ez dute negoziazio seriorik abian jartzea lortu Garbialdi enpresarekin: “Eusko Jaurlaritzako justizia eta segurtasun sailek aukera ezinhobea dute praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duten diskurtso politikoa”. Manifesazioan zehar banatu dituzten eskuorrietan eskari argia luzatu diete Garbialdiri eta Eusko Jaurlaritzari: beharrezkoak diren neurriak har ditzatela diskriminazio egoerari amaiera emateko.
Kale-garbitzaileen aldean jasaten duten soldata arrakala ezabatzea nahi dute, eta greban daude horregatik. Aipatu dute komisaldegietako langileekiko %13koa soldata arrakala dutela, eta %7koa eraikin judizialetako langileekiko. Hiru sektoreak administrazioaren azpikontratak dira, eta azpimarratzen dute desberdintasun nagusia dela kale-garbitzaileen %80 gizonezkoak direla, eta beste bi sektoreetan %95 emakumezkoak.