Koldo Mitxelena Kulturunea berritzearen inguruko kontsulta egin du aldundiak
Gipuzkoako Aldundiak jakitera eman duenez, 2.000 gipuzkoarrek parte hartu dute Koldo Mitxelena Kulturunea berritzearen inguruko kontsultan. Partaidetza prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu Denis Itxaso Kulturako diputatuak. Herritarren %21ek eta erabiltzaileen % 61ek badute eraberritze lanen berri, eta %65 horien aldekoa da; % 4k, berriz, kontrakoa da.
Prozesua hainbat fasetan egin dute alderdi kualitatiboak eta kuantitatiboak jasotzeko. Kontuan hartu dituzte zentroaren erabiltzaileen iritziak, kultura produktuen eta zerbitzuen kontsumitzaileak, eta gipuzkoarrak. Focus Group teknikaren bidez egin dituzte, eta 1.800 inkesta. Adituen iritziak ere bildu ditu aldundiak.
Zentroaren nortasuna eta ematen den zerbitzuaren bihotza liburutegi zerbitzua da, eta hori indartzearen alde agertu dira kontsultan parte hartu dutenak. Batez ere, irakurketari eskainitako espazioak zabalduz eta horri lotutako lan eremuak sortuz. Instalazioak eguneratu eta berritzea eskatu dute erabiltzaileek. Baita ere, zentroa modernizatzea eta teknologia berriak txertatzea.
Laburbilduta, gipuzkoarrek ezaugarri hauek dituen Koldo Mitxelena Kulturunea nahi dute etorkizunerako: instalazio eguneratuak; erabiltzaileentzako espazio berri eta hobeak; liburutegi zerbitzua sendotuta; teknologia berriak txertatuta; belaunaldi berriei konektatuta; jarduera berriei irekia; eta erabiltzaileek partaidetza handiagoa dutela.
Hirugarren fasea eta prozesua bukatzeko, Biharko liburutegi guztiak izeneko erakusketa egingo da: otsailaren 13an inauguratuko da eta ekainaren 1era arte egongo da zabalik. Erakusketaren osagarri, hitzaldi ziklo bat eta elkarrizketa-mahaiak izango dira.