Txillardegirentzako aitortza ofiziala eskatu dute haren heriotzaren zazpigarren urtemugan
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil zeneko 7. urteurrena da gaur, eta, atzo, hainbat euskaltzale bildu ziren Antiguan, hura gogoratzeko.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zeneko 7. urteurrena da gaur, eta, atzo, hainbat euskaltzale bildu ziren Antiguan, hura gogoratzeko eta, aldi berean, aitortza ofiziala eskatzeko: “Batez ere Donostiako Udalak zor dion aitortza errebindikatu nahi dugu”, nabarmendu du Txillardegi Liburutegia herri-ekimeneko presidente Fito Rodriguezek.
Goizean Txillardegiren Antigua ibilaldia egin zuten, bertatik bertara bisitatuz Txillardegik txikitan ezagutu eta Antigua 1900 liburu zoragarrian islatu zituen hainbat leku.
Ondoren, Txillardegi etxea zegoen plazan –egungo Gaskonia plazan–, iaz Txillardegiren oroimenez margotu zen horma-irudiaren aurrean, ekitaldi bat egin zuten. Bereziki adierazgarria izan da Jean-Louis Davant euskaltzain zuberotar beteranoaren hitzaldia. Davant izan zen euskara batuaren sorreraren lekuko zuzena, 1963an eta 1964an Baionan egin ziren bileretan parte hartu baitzuen. Eta lekukotasun zuzen horren talaiatik Txillardegi euskara batuaren aitatzat aitortu du.