Andaluziako herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute
'Faxismoaren aurrean, elkartasun feminista' lelopean, herritar mordoa bildu da Bulebarrean, Andaluziako herritarrei elkartasuna adierazteko.
Donostiako Asanblada Feministak deituta, herritar mordoa bildu da Bulebarrean, Faxismoaren aurrean, elkartasun feminista lelodun pankartaren atzean. Andaluziako herritarrek egindako elkartasun eskaerari erantzun, eta faxismoaren aurrean elkartasun feminista eta antifaxista adierazteko egin dute protesta. Donostiako Feministek bat egin dute Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak (EHEMM) egin duen deialdiarekin “Andalusiako emakume*, migrante eta herriari elkartasun feminista eta internazionalista adierazteko” eta herritarrekin batera, hainbat alderdi politikotako politikariak ere han izan dira, besteak beste, EH Bildukoak eta PSE-EEkoak.
Hona hemen Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak plazaratu duen komunikatua:
ELKARTASUN FEMINISTA ANDALUZIAR HERRIAREKIN
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Andaluziar herriari eta bereziki bertan borrokan dabiltzan emakume feminista guztiei.
Bertan gobernua osatu nahi duten muturreko eskuindar alderdiek emakumeonganako indarkeriaren aurkako legea darabilte joko karta legez; Vox alderdiaren planetan, lege hau ezabatu, abortua edo sexu aldaketarako ebakuntzak osasun publikotik kendu, kuotak ezabatu… bezalako neurriak daude. Gure eskubideekin negoziatzen ari dira! Mugimendu Feministak emandako aurrerapausoen aurrean sistemaren erreakzio gisa ulertzen dugu, patriarkatuaren kateak estutzeko maniobra gisa.
Espainiar faxismoa feminismoaren aurkako bulkada erreakzionarioa, migratzaileenganako fobia eta neoliberalismo basatia ezartzera etorri da. Baina jakin badakigu Andaluzian gertatzen ari dena ez dela kasu bakan eta isolatua. Estatu espainiarrean muturreko eskuina hedatzen ari da, konplexurik gabe bere posizio faxistak faxismoan indartzen. Horrek dakartzan ondorioak: emakumeon bizitzaren aurkako politikak, langileriaren esplotazioa sakontzea eta kanporatze politikak eta xenofoboak. Eta ez bakarrik espainiar estatuan, eskuin muturra munduan hazten ari da eta gobernuetara salto egiten: Estatu Batuetan, Brasilen, Austrian, Polonian… Azken hamarkadetan izan duen egoerarik oparoenean dago gaur egun, eta etengabe areagotzen ari dira alderdi ultranazionalista eta xenofoboak, komunikabideek ematen dieten koberturaren laguntzaz. Hori dela eta, kaleko herritarrak erakundeen eta eskuin-alderdi politikoen praktika arrazistekin legitimatuta sentiarazten dira Adibidez, atzo asteazkena, urtarrilak 9, Gasteizen, lineako autobus batean emakume beltz bat eraso arrazistak jaso zituen.
Horregatik, Euskal Herritik babes osoa eta elkartasun internazionalista eta feminista adierazi nahi diegu mundu osoan faxismoaren aurka borrokan dabiltzan emakumeei. Bereziki Andaluziako emakumeek eta etorkin kolektiboek hurrengo egunetan antolatuko dituzten protestekin bat egiten dugu. Zuekin gaude! Emakumeon eskubideak ez dira negoziatzen!
Guk ere bertotik borrokan jarraituko dugu, antolatzen, aliantzak eraikitzen. Elkartasuna delako gure armarik boteretsuena.
Martxan jarraituko dugu, denok aske izan arte!