‘La estrella errante’ dokumentalak irabazi du Dock of the Bay jaialdia
Alberto Graciaren 'La estrella errante'-k irabazi du 2019ko Dock of the Bay jaialdiko dokumental onenaren saria.
Joan den urtarrilaren 7an hasi zen Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdia, eta larunbatean, hilak 12, amaitu zen. Antzoki Zaharrean egin zuten sari banaketaren ekitaldia, larunbat gauean, eta Eduardo Guillotek, Maria Arnalek eta Marcedes Martinezek osatutako epaimahaiak erabaki zuen Alberto Graciaren La estrella errante-k merezi zuela 2019ko jaialdiko dokumental onenaren saria. Hirukotearen ustetan, Alberto Graciaren filmak “zinema genero horren mugak hedatzen ditu, ertzak erdigunean kokatzen dituen kontakizunaren bidez, eta haluzinatutako bidaian murgiltzen du ikuslea”.
Epaimahaiaren aipamen berezia, berriz, Bixa Travesti filmak jaso zuen. Epaimahaiko kideek jakinarazitakoaren arabera, Claudia Priscilla eta Kiko Goifman zuzendarien lana “biziki bortitza den errealitate soziopolitikoaren zona mugakideetan dagoen pertsona ezohikoa ikusarazten eta aldarrikatzen” duelako da azpimarragarria. Bestalde, Ramon Lluis Banderen Cantares de una revolucion filmak jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria, “bere balio soziologiko ukaezinagatik eta Espainia garaikidean ahaztua izan den gertakari tamalgarri bat gogora ekartzen duelako, imajinazioz beteriko modu ausart batean”. Azkenik, Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrioren Lou dokumentalak publikoaren Dock of the Bay 2019 saria jaso zuen.
Hiriko hainbat gune hartu ditu jaialdiak aurten. Trueba zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean proiektatu dituzte musika dokumentalak, eta Tabakaleran, Dabadaban eta Convent Gardenen egin dituzte musika eta kultura ekitaldiak. Hainbat musika genero eta gai landu dituen askotariko dokumental sorta aurkeztu dituzte aurten, eta tartean, Euskal Herriko bi lanen estreinaldiak izan dira: Bashaideak (Elsa Oliarj-Ines, 2018), eta Lou (Usua Garin, Andrea Lopetegi Lopez, Andrea Lopetegi Lopez eta Izotz Barrio, 2018).