San Sebastian egunaren inguruko film labur bat egin dute
La Marcha de (San) Sebastian izeneko film laburra egin du Manuel Aguilarrek. Antzoki Zaharrean estreinatuko dute, asteazkenean, urtarrilak 16, eta bi saio izango ditu: 19:30ean eta 20:30ean. Gonbidapenarekin egongo da film labur musikala ikusteko aukera; Antzoki Zaharreko leihatilan eska daitezke gonbidapenak: 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Estreinaldiaren ondoren, film laburra sare sozialetan zabalduko dute.
Fernando Ruiz eta Teresa Alzuru dira aktore protagonistak eta Galipot Zinemak ekoiztu du. Donostian egun batzuk igarotzen ari diren turistak dira Sebastian eta Claire. Parte Zaharretik paseoan, Sarriegiren estatua ukitu eta mundu musikal batean murgilduko dira. Hiriko jai handiaren benetako protagonistak bilakatuko dira. Gaztetxo Antzerki Eskolako (Hiritar Merituaren Domina 2019) koreografia eta dantzariak ageri dira, baita hiriko oso aurpegi ezagun batzuk ere.
Manuel Aguilar Cadizkoa da, baina zazpi urte baino gehiago daramatza Donostian bizitzen. Entzun zuenean Donostiako Orfeoiaren eta Euskadiko Orkestraren San Sebastian Martxaren bertsioa, otu zitzaion musikal bat egitea. Euskaltegian entzun zuen, eta festa beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera iruditu zitzaion.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta! Kultura jardueran aukeratu zuten proiektua, eta forma hartzen hasi zen. Ondoren, crowdfunding prozesu bati esker, errealitate bihurtu zen. Laguntza jaso zuen ondoren, hainbat erakunderen aldetik: Donostiako Udala, Donostia Kultura, La Gula del Norte, Londres hotela, La Cepa taberna…