Cabezudoren aurkako epaiketa "prozesu luzea" izango dela aurreikusten dute erasotuek
Momentuz 23 emakumek jarri dituzte salaketak argazkilari donostiarraren aurka, baina Cabezudok erasotako pertsonen kasuak 50 baino gehiago direla adierazi dute gaur Donostiako epaitegien aurrean eginiko elkarretaratzean.
Hainbat herritar Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratu dira Kote Cabezudo argazkilariaren lehen ahozko epaiketaren harira, Bidasoaldeko Elkarte Feministak eta Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformak deituta. Auzitegian, justizia oztopatzeko ustezko saiakera bat egotzi diote Cabezudori, eta fiskalak lau urteko espetxealdia eskatu du berarentzako. Hain zuzen, duela zenbait hilabete bere aurka deklaratu behar zuen biktima baten argazkia mehatxu gisa Facebookera igotzea leporatu diote argazkilariari.
Momentuz 23 emakumek salatu dute Cabezudo, ustezko hainbat delitugatik. Elkarretaratzera deitu duten taldeek, ordea, Cabezudok erasotako emakumeen zifra askoz altuagoa dela adierazi dute: “50 kasu baino gehiago ezagutu ditugu, batzuk EAEtik kanpokoak”. Hain zuzen, emakume horietako asko abusuak jaso zituztenean adingabeak zirela jakinarazi dute, “horren ondorioz jasaten dituzten traumak” nabarmenduz. Hala ere, argazkilaria salatzera ausartu diren pertsonen kopurua etengabe hazi dela azpimarratu dute.
Gaurko epaiketarekin “oso luzea” izango den prozesu bati hasiera eman zaiola esan dute elkarretaratzean, baina pozik agertu dira sei urteko ibilbidearen ostean kasuak behingoz epaitegietan aurrera egiteagatik. Izan ere, Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformak hainbatetan salatu du auzitegian kasuak oztopo ugari jasan dituela. Oraindik interneten jarraitzen duten biktimen irudiei erreferentzia eginez, halakoa adierazi dute bere kideek: “Erasotako pertsonei laguntzeko egin daitezkeen gauza guztietatik ezer gutxi egin dute epaitegietan. Orain arte oztopoak besterik ez dizkigute jarri”. Gainera, Cabezudo kasuaren atzean “justizia kontrolatzeko gai den trama pederasta oso bat” dagoela zehaztu dute.
Horren harira, argazkilari donostiarraren kasua urtetan zehar eraman duen Ana Isabel Perez Asenjo epailea ekarri dute gogora. Maiatzean, Perez Asenjo kasutik baztertua izan zen prebarikazioagatik, eta hortik egun gutxira, Cabezudo behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen kasuko epaile berriak. Argazkilariaren hainbat biktimak Perez Asenjo salatu dute orain, auzitegi barruan epailearengandik jasandako tratu txarrengatik eta ustez Cabezudori epaiketei buruzko informazio sekretua pasatzeagatik.
Zentzu horretan, argazkilariaren biktimak “hiru aldiz bortxatu dituztela” adierazi dute plataformatik: “Lehenik Cabezudo izan zen; gero epaitegietan berriro eraso zituzten; azkenik, gizarteak eta hedabideak konplize bilakatu dira euren isiltasunarekin”.