Parte Zaharreko Haurguneko kideek jolasean egin dute protesta udaletxe parean
Parte Zaharreko Haurguneko guraso eta haurrak kalera irten dira gaur Kijera gaztetxearen desalojoaren aurka daudela garbi adierazteko.
Parte Zaharreko Haurguneko guraso eta haurrak kalera irten dira gaur Kijera gaztetxearen desalojoaren aurka daudela garbi adierazteko. “Kale gorrian utzi nahi gaituzte berriz” lelopean, martxa koloretsua egin dute Zuloaga plazatik abiatuta. Protestaren bidez, gurasoek aditzera eman dute gaztetxea auzoan haurrekin denbora pasatzeko duten leku bakarrenetarikoa dela.
Alderdi Ederrera iristean, haurrek hoberen dakiten moduan egin dute protesta: jolasean. Porrotxen konpainiaz lagundurik, hainbat tailer eta joko egin dituzte bertan, eta txokolate janaz ere gozatu ahal izan dute udaletxe pareko kanpamentu inprobisatuan.
Desalojo arriskua dela eta, auzoko gurasoek behin-behinean haurrekin gaztetxera joateari utzi diote. Ordea, Haurguneko bi gurasok IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan azaldu duten bezala, “umeekin udaletxera etortzea erabaki dugu, jolasean ibiltzeko gune baten beharra izaten jarraitzen dugulako”.
Protesta burrunba artean amaitu dute danbor eta zartaginak gogoz kolpatuz, euren aldarriak sorturiko zaratak udaletxearen hormak zeharkatu ditzan.
Kijera gaztetxeko Haurguneko kideek burrunba sortu dute gaur Donostiako udaletxe parean
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) January 16, 2019
Parte Zaharreko guraso, gazte eta haurrek batera egin dute protesta gaztetxearen desalojoaren aurka: "Kale gorrian utzi nahi gaituzte berriz" @irutxulo @AZgaztetxea pic.twitter.com/w94TLOBgJU
Jarraian Parte Zaharreko Haurguneak protesta festan zabaldutako komunikatua:
Alde Zaharreko auzo bizitza era nabarmenean ahitua aurkitzen da, batik bat, espekulazio inmobiliarioaren eta turismora begirako auzoaren esplotazio orokorraren ondorioz. Auzo bizitza osasuntsu baterako ezinbestekoak zaizkigun elkar-hezkuntzarako, kulturgintzarako, eta oro har, auzogintzarako espaziorik ez da.
Hau honela, 2018ko irailaz geroztik hamaika urtez hutsik egon den Kaialde eraikina berreskuratu du gazte talde batek. Bertan, Kijera gaztetxeari hasiera eman diote, elkar-heziketarako eta kultur ekimenetara zuzendutako auzo espazio modura. Gaztetxea auzoko komunitate ezberdinei irekita agertu da, besteak beste, txikienentzako babesleku eta elkargune bat eskainiz. Hala, Kijera gaztetxeko kideen eta guraso talde baten elkar-ekimenean, abian jarri da Alde Zaharreko Haurgunea.
Haurgunea gure haurren garapen oso baterako espazio garrantzitsua da: jolaserako eta harremanetarako lekua, autogestioan oinarritutako gunea, elkarlanean aritzekoa, elkar-hezkuntzara bideratutakoa, euskararen arnasgunea…
Baina balio horien guztien gainetik, udalak gaztetxea desalojatzeko ebazpena hartu du. Eta sortutako egoeraren aurrean, Haurguneko erabiltzaileek zera eskatzen diogu udalari:
- Eraikinaren berreskuratze prozedura etetea eta espedientearen itxiera.
- Gaztetxeko kideei eraikina bizikidetza bilgune gisara eta kulturgintzarako espazio bezala jarduten jarraitzeko baimena ahalbidetzea, auzo bizi eta aberats baten alde.
Alde Zaharreko Haurgunea