"Auzoetako danborraden papera aldarrikatu behar dugu"
Stop Kaleratzeak plataformako bozeramailea da Rosa Garcia, eta 2019ko Urrezko Danborra jasoko du San Sebastian egunean.
Stop Kaleratzeak plataformaren bozeramailea da Rosa Garcia (Madril, 1948), eta 2019ko Urrezko Danborra jasoko du igandean, San Sebastian egunean. Francoren diktaduraren erresistentzia gisa sortu ziren ikasle mugimenduak eta langile mugimenduak eragin handia izan dute bere bizitzan, eta duela zazpi urte buru-belarri dabil etxebizitza duin baten aldeko borrokan. Donostian bizi da 1977. urtetik, eta Amara Berri auzoarekin lotura berezia du. San Sebastian egunean auzoko 17 danborradak jarraituko dituela adierazi du: “ez daukate Konstituzio plazan agertzen direnen adinako oihartzuna, baina auzoetako danborraden papera aldarrikatu behar dugu”.
Guztira, herritarren 3.666 boto jaso zituen bozketan –donostiarren %2,24–, eta parte hartzea txikia izan da azken urteetako datuekin alderatuta. Garciarekin batera, Alicia Amatriain dantzaria, Ane Gabarain aktorea, Esther Ferrer artista eta Dolores Redondo idazlea izan dira 2019ko Urrezko Danborraren zerrenda osatu duten hautagaiak.
IRUTXULOKO HITZAk Rosa Garciarekin hitz egin du, luze eta zabal. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.