San Sebastian egunerako euria iragarri dute
Euskalmet metereologia agentziak iragarpena egin du San Sebastian egunerako, eta badirudi euria izango dela jaiko protagonista.
Larunbatean, urtarrilaren 19an, goizaldean hodeiak eta ostarteak izango direla diote adituek, eta goizean zehar zerua hodeiez estalita geratuko dela. Arratsaldean, zerua oso hodeitsu egongo da iragarpenaren arabera; horrela, euria hasiko du, seguruenik arratsaldeko azken orduetan, eta gauean ere euria egiten jarraituko du. Tenperaturari dagokionez, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta horren ondorioz, eguneko maximoak apur bat igo egingo dira. Egunaren amaieran, haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du. Donostiako gutxieneko tenperatura 5ºC-koa izango da, eta gehienezkoa 14ºC-koa.
Igandean, urtarrilaren 20an, iragarpenak dio ipar-mendebaldeko haizea ibiliko dela, eta horren ondorioz, itsasaldetik zaparradak sartuko dira tarteka. Haizea parrastatsua izango da, zakarra, eta giroa freskoa. Goizeko lehen orduetan eta egun amaieran zaparradak sarriago botako ditu, eta ugariagoak izango dira. Eguerdi inguruan zaparradak tartekatuagoak izango dira, noizbehinka ostarteak irekiko direlako, baina beste une batzuetan zerua ilun ikusiko da oso. Donostiako gutxieneko tenperatura 6-7ºC -koa izango da, eta gehienezkoa 10-11ºC -koa.