'Zaintzaren gatazka' jarriko dute erdigunean martxoaren 8ko greba feministan
Martxoaren 8ko greba feministaren nondik norakoak aurkeztu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak Gasteizen. Donostian jada hasi dira greba antolatzen.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, 24 orduko greba feminista deituko du Euskal Herriko mugimendu feministak, joan den irailean iragarri zuenez. Atzo, hilak 16, grebaren nondik norakoak aurkeztu zituzten Gasteizen, orain dela hilabete bat okupatutako Talka espazio feministan. “2019ko Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu berriro ere”, adierazi zuten agerraldian. Aurten, grebaren aldarrikapenak ondo zehaztu nahi izan dituzte eta, esparru desberdinetako emakume guztien ahotsak bildu, horregatik, oinarri politiko amankomun batzuk ipintzeko ahalegina egin dute. Bildutako eragile guztiekin landutakoa biltzeko dossier bat egin dute, eta atzo aurkeztu zuten jendaurrean.
Bost ardatz izango ditu greba feministak: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza. Aurkeztutako dossierraren arabera, “zaintzaren gatazka” zentralitatea eman nahi diote aurten, eta 24 orduko mobilizazioan “bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa” eskatuko dute. Horretarako, “zaintzaren berrantolaketa soziala” aldarrikatuko dute.
Greba feminista Donostian
Donostian, duela hilabete batzuk hasi ziren bilerak egiten, greba feministak hirian izango duen forma zehazteko. Azkena, joan den ostiralean, hilaren 11n izan zen, eta Donostiako Asanblada Feministako kideek jakinarazi dutenez, Donostian “zaintza gatazka” lehen lerroan jarri nahi dute. Maila nazionalean adostutako ildoari jarraituz, esparru anitzetako emakumeekin lanean hasi dira, eta emakume migratzaileen errealitatea nabarmendu nahi dute. Hiriko emakume migratzaileen elkarteekin batera ari dira lanean hiriko feministak, eta aurreratu dutenez, auzoetako mobilizazioak indartuko dituzte.
Greba feminista prestatzen jarraitzeko hurrengo bilera irekia urtarrilaren 26an izango da, larunbata, 10:00etan. Emakumeen Etxean egingo dute, eta hiriko “emakume*, trans eta bollerak” parte hartzera gonbidatu dituzte, “denen ahotsak” ezinbestekoak direlako.