Belartza, hiriaren kontra botatako harriak
Belartza 2ra eramandako hondakinak bertatik eramateko eskatu du Irabazi Donostiak. (Argazkia: Naturzaleak) Epaile batek esan du Belartza gaineko harri pilaketa hortik kendu egin behar dela, eta udalak lehenbailehen betearazi beharko luke erabaki hori. Makropoligono gehiagorik ez dugu nahi. Beste hiri eredu bat nahi dugulako Donostia defendatuz jarraituko dugu.
Auzitegi batek erabaki berri du VUSA enpresak Belartza gainan pilatutako harriak kendu behar dituela. 2016ko udaberrian Belartzako sarreran supermerkatua eta jatetxea baimenik gabe eraikitzen hasi ziren, goiko zelaira harri tona pila ilegalki eramanez eta babesturiko habitatak txikituz. Hilabetez aritu ziren harik eta, gure salaketak tarteko, udalak harriak jasotzeko 20 hilabeteko baimena eman zien arte. Epea duela urtebete iraungi zen, baina enpresak ez ditu harriak eraman, kentzeko aginduari errekurtsoa aurkeztuz. Orain epaile batek berretsi du materialak Belartzako zelaitik atera eta habitata lehengoratu behar behar duela. Hasieran, udalak 600 euroko bi isun irrigarri jarri zizkien. Gure presioaren ondorioz, 67.000 euroko hirugarren beste bat jarri zien, eta laugarrena bidean omen dator. Guk udalari eskatu diogu lan horiek berak burutzeko, enpresaren lepora, legeak horretarako aukera ematen baitu.
Enpresak Auzitegi Nagusira joko duela iragarri du. Epeak luzatu nahi ditu publikoa zen bilera batean aitortu zuenez. Hirigintzako zinegotzia bertan zegoen enpresako arduradunek harriak kenduko ez zituztela garbi adierazi zutenean. Haserre agertu ordez, konplizitatea erakutsi zuen, haiekin plangintza berria adosteko abian zuten negoziazioa inongo unetan ezbaian jarri gabe. Are gehiago, gabonetan Udal Gobernuak argi berdea eman zion Belartza 2 merkataritza makropoligonoari, Anoeta estadioaren azalera halako 24 hartuko duen gune komertziala enpresarekin adostuz. Udalak metroa bezalako proiektuetarako dirua behar du eta horretarako azken berdeguneak saltzeko prest dagoela dirudi. Berdin omen zaizkie beharrak, gertuko denda txikiei eragindako kaltea, trafiko arazoak, kutsadura, lan baldintzak, eta gutxiago lurrarentzako kaltea edo biodibertsitatearen galera. Klima aldaketaren aurkako estrategia? Hau da behar dugun hirigintza eredua? Hori al da nahi dugun hiria?
Gero eta gehiago gara Donostia bide onetik ez doala pentsatzen dugunok. Hortaz, duela pare bat egun Donostia Defendatuz taldea aurkeztu genuen. Bertan gizarte eragile ezberdin ugari gaude hiri eredu berri baten alde: Donostia herritarrena eta herritarrontzat nahi dugu, berdea eta jasangarria, ondarea zaintzen duena eta parte hartzea ardatz duena. Hemendik gonbidatu nahi zaituztegu datorren astelehenean, urtarrilaren 28a, 19:00etan Koldo Mitxelena Kulturunean horren harira antolatu dugun mahai ingurura. Hurbildu gurekin iritziak partekatzera, betiere Donostia Defendatuz!

