"Krisiak herritar guztiei eragin digu, tsunami bat izan da"
Stop Kaleratzeak plataformako kidearekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, luze eta zabal. 2019ko Urrezko Danborra jasoko du San Sebastian egunean.
Stop Kaleratzeak plataformaren bozeramailea da Rosa Garcia (Madril, 1948), eta 2019ko Urrezko Danborra jasoko du. 2011ko maiatzaren 15eko herri mugimenduen harira sortu zen plataforma, hipotekek kaltetutako herritarrei laguntzeko. Garciak Madrilen hasi zuen bere aktibista ibilbidea, ikasle mugimenduan, eta urtetan sindikalgintzan ibili izan da.
Nola sentitu zinen 2019ko Urrezko Danborra jasoko zenuela jakin zenuenean?
Niretzat loteria tokatzea bezala izan da, esperotakoa baino lehenago iritsi den Olentzeroa. Ez nuen horrelakorik espero, eta sari izugarria izan da. Hala ere, hotzean pentsatzen jarrita, ardura handia da era berean. Oso pozik nago, plataformarentzat oso positiboa izango delako, eta jende askok gure berri izango duelako. Etxebizitza duin baterako sarbidea izateko arazoak dituztenek gure jarduna ezagutzeko aukera bat dela uste dut, eta horri esker guregana jotzea espero dut. Gure misioa da pertsona horiei laguntzea, zalantzak argitzea eta haiekin bat egitea, eta gizartearentzat baliagarriak garela erakusteko modu bat da.
Donostian urte asko daramatzazu, baina zu ez zara donostiarra… Nola iritsi zinen hirira?
Madrilen jaio nintzen 1948an, eta gaztea nintzenean Francoren diktadura pil-pilean zegoen, baita fabriketako langile mugimendua ere Madrilgo industriaguneetan. Ikasle borrokak ere oso indartsu zeuden. Oposaketa egin nuen Correosen, eta Donostian lanpostua eman zidaten, orduan hona etorri nintzen bizitzera. Ordutik, ez naiz hemendik mugitu. Nire alaba 1983an jaio zen eta Amara Berrin bizi naiz, Armeria plazan. Amara Berri nire auzoa da. Bertan dago nire jendea eta saria jasoko nuela jakin ostean oso polita izan da haien erantzuna.
Poz-pozik nago. Nire lan-ibilbidea Correosen egin dut, eta enpresa-batzordean egon naiz urtetan. Erretiratu nintzenean, finantza-krisiak asko eragin gintuen, etxe-kaleratzeen gaiak gehien bat. Albistegiak egunero zabaltzen zituzten etxe-kaleratzeren batekin, baina oihartzun handia izan zuten ere erresistentzia kasuek. Ada Colauk bideratutako piketeak, esaterako, guretzat eredugarriak izan dira. Orduan Stop Kaleratzeak sortzea erabaki genuen.
Nola eragin du borroka sindikalak zure aktibismoan?
Niretzat borroka sindikala eta orain egiten dudana, oinarrian gauza bera dira. Gure aktibismoa oinarrituta dago batasunean, indarrean, eta helburu zehatz batzuetan. Batasun sindikala dagoenean, lorpenak gehiago dira, eta batasunik gabe, ez dago indarrik. Batasuna esparru sozial guztietan gauzatu beharko genuke helburuak bete nahi baditugu, niretzat sen oneko kontua da.
Esaterako, nire garaian sindikatuen artean oso harreman ona geneukan. Nire kasuan, Correosen garatu nuen nire ibilbidea, eta administrazioa zen arren, nik enpresa baten parekoa ikusten nuen. Helburua lan-akordioak sinatzea izaten zen, eta sindikatuen arteko ulermena egoteak asko lagundu zuen. Niretzat oso atsegina izan zen garai hura.
Batasunaren balioa Stop Kaleratzeak plataformaren ezaugarri nabarmenetariko bat dela uste dut. Gure artean oso harreman ona daukagu, eta oso talde trinkoa osatzen dugu. Horrek guregana jotzen dutenengan eragin zuzena du, eta helburuak lortzeko ezinbestekoa da.
Zein da Stop Kaleratzeak plataformak egiten duen lana?
2011ko maiatzaren 15eko mobilizazioen ondorioz sortu zen gure plataforma. Kolektibo transbertsal eta plurala gara, eta bakoitzak ahal duen moduan hartzen du parte, bere denbora librearen arabera. Ez dugu diru-laguntzarik jasotzen, baina, egia esan, ez daukagu gastu handirik. Deialdien kartelak eta komunikatuak ordaintzeko behar izaten dugun dirua kamisetak, txapak eta banderak saltzetik lortzen dugu.
Zeintzuk dira orain arteko lorpenak?
Oso harro gaude sei edo zazpi urte hauetan egin dugun ibilbidearekin, izan ere, lorpen asko lortu ditugu finantza erakundeen aurrean. Hipoteka ordainketengatik epaitegietan demandak zituzten familia ugarik jo dute guregana, eta guztiek mantendu dituzte euren etxebizitzak. Azpimarratzeko lorpena dela iruditzen zait, batez ere badakigulako familia askok izan dituztela antzeko arazoak, eta ez dira guregana etorri. Lur jota zeuden, eta ezin izan dute euren burua defendatu; ondorioz, etxegabetu egin dituzte. Etxe-kaleratze asko gelditzea lortu dugu, eta gainera, bankuekin hipotekak ordaintzeko bigarren aukerak negoziatzea lortu dugu. Horrela, familia asko lasaiago bizi ahal izan dira denbora batez.
Etxe-kaleratzeen atzean pertsonak daude…
Etortzen diren pertsona berriak oso egoera penagarrian etortzen dira. Lur jota etortzen dira guregana, gainera biktimak direla sentitzen dute, eta porrot egin dutela. Erruduntasunetik bizitzen dute askok egoera. Eta gurera etortzen direnean, batasuna antzematen dute. Asteazkenero egiten dugun asanbladetara etortzen direnean ikusten dute beste pertsona askok dituztela euren arazo berdinak, eta konponbideak aurkitzen ari direla. Era berean, ikusten dute plataformako gainerako kideen laguntzari esker dela hein batean hori, herritarren eta erakundeekin batera. Momentu jakin batean aldaketa bat egiten dute, eta errudun sentitzeari uzten diote. Ahaldundu egiten dira, eta borrokarako indarra ateratzen zaie. Borrokatzen hasten dira, batasunaren bitartez.
Batasunak eta borrokak duten garrantzia gazteriak ikasi beharko lukeen zerbait dela uste dut. Garaipenak ez dira etxeko sofan ordenagailuaren aurrera lortzen, kalean baizik. Beti egin den moduan.
Babesa sentitzen duzue herritarren aldetik? Eta instituzioen partetik?
Bai, herritarren aldetik babes izugarria dugu, eta baita instituzioen aldetik ere. Amaia Egañaren suizidioak inflexio puntu bat markatu zuen 2011n, eta horrek herritar asko problematikaz jabetzera eraman zituen. Era berean, instituzioentzat ere «toke» moduko bat izan zen, eta jende asko konturatu zen beharrezkoa zela gure borroka.
2015eko apirilean dekalogo bat sortu genuen, etxe-kaleratzeen, pobreziaren eta desberdinkerien aurka, eta babesa handia jaso zen. Sinatu zuten alderdi politikoen gehiengoak, sindikatu askok eta herri-mugimenduko eragile ugarik. Dekalogoa aurkeztu genuenean, esaterako, PPk eta EAJk ez zuten sinatu, baina egia da, gerora, aurkeztu izan ditugun beste hainbat mozio gehiengoagatik onartu direla. Egia da instituzioek orain ematen diguten babesa gure ahaleginen ondorioa dela. Guk nabarmen utzi ditugu, eta beraiek alde edo aurka agertu behar izan dute.
Nabarmendu nahiko nuke gure jardunean erretiratuen eta pentsionisten taldeek eskaintzen diguten laguntza, izan ere, egiten ditugun mobilizazio guztietara etortzen dira.
Zuen protestak askotarikoak izaten dira…
Bai, hala da. Esaterako, bankuen aurrean mobilizazio ugari egin izan ditugu etxe-kaleratzeak gelditzeko, eta kasu askotan, familientzat bigarren aukera bat exijitzeko. Badago aukera bat, herritar gehienek ezagutzen ez dutena: karentzia-aldia. Karentzia-aldiak ahalbidetzen duena da bezeroa hipoteka ordaindu gabe egotea aldi batez, hilabete batzuk izan daitezke edo urtebete baino gehiago. Horrek familia askori denbora batez modu duinean bizitzeko aukera ematen die, eta arnas-aldi bat izaten da normalean. Familia hauek ezin izaten dute zor dutena ordaindu, hipotekak oso altuak direlako, eta gainera, lan-egoera prekarioak dituztelako: langabezia, aldi baterako lanak, 1.000 euro baino gutxiagoko soldatak, eta abar. Egoera oso larria da, izan ere, etxe-kaleratze asko egin dituzte familia batek kuota bakarra ordaindu ez duelako, eta legeak hori baimentzen du.
Egoera honen aurrean, bankuak jarri ditugu jomugan, ezartzen dituzten baldintzak gehiegizkoak direlako: zoru-klausulak, atzerapen-interesak, behar baino lehenagoko epemuga klausulak, eta abar. Azken horrek bankuak ahalbidetzen ditu bezeroen aurkako demanda bat jartzera, kuota bakarra ordaindu ez badute ere. Ez zaie inongo momentutan inporta pertsona horiek langabezian dauden, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) kobratzen ari diren, edo zein den haien egoera pertsonala. Gainera, ez dute bakarrik mailegua eskatu duenaren kontra ekiten, baizik eta abal-emaileen ondasunen aurka baita ere. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren konplizitatea ezinbestekoa izan da gure lorpenetan, bezeroen aldeko epaiak eman dituelako.
Zeintzuk dira zuen baliabideak dituzuen helburuak lortzeko?
Batasuna bilatzen dugu egiten ditugun ekintza eta mobilizazio guztietan, eta hori oinarri hartuta, hainbat elementu konbinatzen ditugu. Alde batetik, kaleko protestak eta mobilizazioak. Horrek berekin dakar banku zehatzen salaketa publikoa, eta mobilizazio hauetan oso garrantzitsua da herritarren babesa. Egindako kale-mobilizazioen artean, besteak beste, elkarretaratzeak, manifestazioak eta bankuen bulegoen okupazioak daude. Denborarekin ikusi duguna da, borrokatu dugun kasuetan, bankuek etsi egin dutela.
Bestetik, instituzioei konpromisoa eskatzen diegu etengabe. Donostia eta Gipuzkoa etxe-kaleratzerik gabeko guneak izendatu zituzten instituzioek. Donostiako Udalean mozioa aurkeztu genuen 2015eko irailaren 24an eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2016ko urriaren 7an.
Bestalde, baditugu modu altruistan gurekin kolaboratzen duten abokatuak, eta kaltetuei epaitegietan defendatzen laguntzen diete. Gehienbat hipotekek dituzten abusuzko klausulak agerian uzteko lana egiten dute. Klausula horiei esker bankuek etxe-kaleratzeak egin eta etxebizitzak enkantean jartzen dituzte. Borroka esparru hauetan egin dugun lanari esker bankuek ez dute ia demandarik jartzen gaur egun.
Etxebizitzaren problematikaren atzean arduradun asko daudela esan ohi duzue, zein da bankuek daukaten ardura?
Beti izan ditugu bankuak jomugan, eta azken aldian, presio asko egiten ari gara bezeroak ez dituztelako dituzten eskubideen inguruan informatzen. Esaterako, hipoteka batzuek gabealdiak sinatzeko aukera dute, baina bankuek ez diete bezeroei aukera horren berri ematen. Hipoteka baten gabealdiak hileko kuota txikiagoa ordaintzeko aukera ahalbidetzen du. Denbora horretan zehar interesak bakarrik ordainduko ditu bezeroak, edo kuoten ordainketa atzeratuko zaio. Gabealdia hainbat hilabetekoa edo bost urte baino gehiagokoa izan daiteke, kontratatu den maileguaren baldintzen arabera.
Familia edo pertsona zaurgarriek duten eskubide bat da, hipotekaren kuota ordaindu ezin dutenean. Bankuek, bezeroen egoera zaurgarriaren berri izatean, aukera horren berri emateko betebeharra duten arren, ez dute betetzen. Jakina, bankuei ez zaie interesatzen. Gaur egun gure plataforma eta gizarte zerbitzuak ari gara bezeroak eskubide horren inguruan informatzen.
Familia askok, hipotekaren kuota ordaindu ahal izateko, beste behar asko uzten dituzte ase gabe, esaterako, berogailuak pizteari uzten diete, edo ez dituzte behar dituzten botikak erosten. Gabealdi horrek epe batez normaltasunez bizitzeko aukera ematen die, eta askotan dituzten hainbat zor kitatzen dituzte denbora horretan.
Gainera, bankuez gain, Espainiako Gobernuak ere ardura zuzena du, izan ere, krisialdi garaian PPren menpe zegoen gobernuaren aurrekontuei esker, bankuei milioi pila bat eman zitzaizkien.
Horrek Euskadin eragin zuzena izan zuen. Horren ondorio izan ziren beste esparruetan egin zituzten murrizketak: osasungintza, hezkuntza, etxebizitza, eta abar. Era berean, gurera etorrita, Eusko Jaurlaritzak hemengo aurrekontuen inguruko eskumena du, eta haien esku daude erabaki asko, esaterako, DBE altuagoa ezartzea. Horrek egoera asko hobetuko luke.
Borrokan daramazuen denbora honetan, problematikaren ezaugarrietan aldaketarik nabaritu al duzu?
Hasierako urteetan etxe-kaleratzeen arrazoi nagusia hipotekak ordaintzeko ezintasuna zen. Orain, gehienak alokairua ordaintzeko ezintasunagatik etxegabetzen dituzte. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatutako etxe-kaleratzeen %75a alokairua ez ordaintzeagatik dira gaur egun. Hazkunde izugarri horren aurrean, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari behin eta berriz adierazi diegu Etxebideren alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoaren eskaintzak ez dituela inolaz ere herritarren beharrak betetzen. 15.000 etxebizitza daude, eta 60.000 pertsona baino gehiago daude eskatzaileen zerrendan.
Eta Donostian, nola dago egoera?
Donostian etxebizitzaren alorrean eragin handia izan du pisu turistikoak oldarka sartzeak. Hutsik dauden etxebizitzak bizitoki-erregimenera bideratu ordez, turismorako eta onura pribatuak lortzeko erabiltzen dituzte askok. Horrek alokairuen salneurrian kalte egiten du. Instituzioen esku-hartzea ezinbestekoa da horri aurre egiteko, eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ezartzen dituen parametroen araberako kuotak zehaztu beharko lituzkete. Era berean, kontrolatu beharko lukete etxebizitza hutsak turismo-jardueratara ez bideratzea.
Donostiako Udalari dagokionez, alegazioak aurkeztu genituen Etxebizitza Turistikoen Ordenantza ezarri zenean. Aurretik zegoen legeria mantentzeko eskatu genuen, izan ere, aurrekoak pisu turistikoak eraikinen lehen pisuan ezartzea bakarrik baimentzen zuen, dentisten eta notarioen negozioak bezala.
Gainera, gure hirian, herritar askok ez daukate etxebizitza duin baterako sarbidea bermatuta, irabazten dutenaren gainetik daudelako hipotekak eta alokairuak. Adibidez, Donostian batezbesteko alokairuaren prezioa 1.300 eurokoa da, eta Gipuzkoan, 1.130 eurokoa. Pertsona ugari mileuristak dira, eta ondorioz, etxebizitzen prezioa haien ahalmenetik kanpo gelditzen da. Halaber, ez da justua pertsona batek bere hileroko soldataren %70 edo %80a alokairua edo hipoteka ordaintzeko bideratu behar izatea.
Horren ondorioz, egoera larrian dauden pertsona eta familia asko daude gure hirian. Esaterako, ezagutzen ditugu seme-alabak dituzten ama bakarrak, sukalderako eskubidea duten gelatan bizitzen ari direnak. Badira ere bi eta hiru familia pilatuta bizi diren pisuak ere. Horren polita den gure Donostian, hori bada etxebizitzarekiko dauden alternatiba bakarrak, zein da sortzen ari garen gizartea?
Donostiarren erantzuna, gizartearen beharren mailan dago?
Nik ikusten dudana da mobilizatzen diren herritarren batezbestekoa 55 urtetik gorakoa dela, pentsionisten borrokarekin argi ikusten den moduan. Nire belaunaldikoak enpleguaniztunak gara; gu pentsionisten bileretara joaten gara eta haiek gureetara. Gainera, zaintza lanetan ibili behar izaten dugu, bilobak zaintzen, esaterako. Niretzat belaunaldien arteko erreleboa beharrezkoa da, eta ez da gertatzen ari. Azken finean, gazteak dira oinarrizko beharrizanak betetzeko zailtasun gehien dituztenak: prekarietatea, etxebizitza duin baterako sarbide eza, aldi baterako lanak, eta abar. Gazteek mugitu beharra dute.
Auzoen artean desberdintasunak ikusten dituzu?
Etxe-kaleratzeak auzo herrikoietan gertatzen dira gehienbat, esaterako, Intxaurrondon eta Larratxon. Hala ere, beste auzo batzuetan ere gertatzen ari dira, adibidez, Amara Berrin. Krisiak herritar askori eragin die, tartean autonomo txikiei eta enpresa txikiak zituztenei. Horiek gainerako herritarrek baino egoera ekonomiko hobea zuten, baina krisiaren eraginez askok negozioa itxi behar izan dute, eta bankuekin arazoak izan dituzte, etxebizitza galtzeraino. Egia da familia horiek aurrezki gehiago zituztela, baina finantza-krisiak herritar guztiei eragin digu, tsunami bat izan da.
Nola ospatuko duzu San Sebastian eguna?
Urrezko Danborraren ekitaldian egongo gara, eta baita banderaren jaitsieran Konstituzio plazan. Bandera igoerako ospakizunean Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko dutenak egongo dira, eta haiei aitortza ematea ere garrantzitsua da. Urrezko Danborraren ekitaldiaren ondoren, primeran pasatzera joango naiz nire auzoko danborradekin batera. Amara Berrin 17 danborrada aterako dira aurten, eta jakina, ez daukate Konstituzio plazan agertzen direnen adinako oihartzuna, baina auzoetako danborraden papera aldarrikatu behar dugu. Alde batetik, guztiak mistoak direlako, eta danborradetan genero parekidetasunak berebiziko inportantzia duelako.
Bestetik, belaunaldiartekoak dira guztiak. Niretzat zoragarria da ikustea danborrada berean jende gaztea eta jende nagusia elkarrekin. Urtero Armeria plazan egiten duten elkarretaratzera joango naiz, nire alabarekin, bere bikotekidearekin eta nire hiru urteko bilobarekin.