"Urtarrilaren 21ean, jakina, jai hartzen dut. Bizirik irautea da kontua"
Amaia Revuelta San Sebastian egunaz gozatzeko prest dago. Eskaut Gia danborradan aterako da, ohi bezala. Festaz eta beste hainbat kontuz hitz egin digu aperitibo baten bueltan.
Zergatik aukeratu duzu Eiger?
Parte Zaharra suntsitu egin dute, eta nire tokia hau da, erresistentziarena. Ensanche eta Rekalde itxi dituzte, eta hau geratzen zait. Gustuko ditudan eta oraindik irekita dauden tabernetako bat da. Gainera, uste dut hirian musika onena jartzen duen taberna dela.
San Sebastian eguna nola bizi duzu?
Bezperan, familiarekin afaldu ohi dut. Lehen, kuadrillako bat Konstituzio plazan bizi zen eta haren balkoira joaten ginen beti igoera ikustera; afaldu eta korrika joaten nintzen, baina etxe hura utzi zuenetik jada lasaiago bizi dut. Zaharra naiz banderaren igoera plazatik jarraitzeko [barrez]. Nire danborrada 20an ateratzen da, arratsaldez, eta beraz nahiago dut 20an egunez atera. Lehen gauez eta egunez ateratzen nintzen, baina orain… 20an, gauean, gehiago luzatzen naiz. Eta 21ean, jakina, jai hartzen dut. Bizirik irautea da kontua.
Urteko egunik onena al da?
Nik txikitatik bizi izan dut San Sebastian eguna. Nire aita Euskal Billerako Danbor Nagusia izan zen urte luzez, nire anaiak ere Euskal Billeran ateratzen dira, eskolan –Frantses lizeoan– gu izan ginen lehen emakumezko danbor jotzaileak… Eta kanpoan izan naizenetan ere beti itzuli naiz danborradan parte hartzeko. Baina ez dakit urteko egunik ederrena den. San Tomas eta estropadak ere jai izugarriak direla uste dut. Estropadena batez ere, gainera, udararen bukaeran, oso egun dibertigarria da.
Nola hasi zinen Eskaut Gia danborradan?
Eskaut naiz, 7 urte nituenetik. Frantses lizeoan izan ez nuen hezkuntza alternatiboa jaso nuen. Hezkuntza klasiko baten kontrapuntua izan zen niretzat. Ondoren, 18 urte bete nituenean danborradan hasi nintzen ateratzen.
Eskauta, nolatan?
Uste dut jendeak ez dakiela zer den eskaut izatea. Oso mugimendu interesgarria da. Klasikoa eta zaharkitua dela pentsatzen dute, banderatxoekin eta militar kutsuarekin lotzen du jendeak, baina nik ezagutu dudana behintzat ez da horrelakoa izan. Nire taldea talde laikoa zen, eta izugarrizko askatasuna genuen, ikastetxean eta etxean ez nuen askatasuna. Pertsona kritiko eta autonomo bat izaten irakatsi didate, baita laguntasunarekin eta ekologiarekin lotutako balioak ere.
Zuen danborrada helduen lehen konpainia mistoa izan zen.
Kresala elkartearena izan zen emakume danbor jotzaileak izan zituen lehen danborrada. Eurek heldu zioten zezenari adarretatik. Bakoitzari berea. Gurea sorreratik mistoa izan zen. Eta mistoa izateaz gain, oso danborrada irekia da. Elbarritasunak dituztenak ere badaude gurean. Nik ezaugarri hori azpimarratuko nuke. Izan ere, ni askotan elkarrizketatu naute emakumezko lehen Danbor Nagusia izateagatik, baina nire ustez, gure danborrradaren sortzaileak elkarrizketatu behar dira.
Danbor hotsak gero eta parekideagoak al dira?
Udalak egin zuen egin behar zuena. Diru laguntzarik ez eman berdintasuna errespetatzen ez duten elkarteei. Uste dut oraindik asko dagoela egiteko, batez ere banderaren igoera eta jaitsieraren ekitaldian, eta, oro har, ekitaldi ofizialetan. Horietan, emakumeen parte hartzea ez zait oso naturala iruditzen. Baina bueno, uste dut aurrera egiten dakien hiri batean bizi garela. Aurrerapausoak ematen ari dira. Union Artesanan, adibidez, emakumezko bazkideak daude. Festan, orokorrean, emakumeen parte hartzea naturala dela iruditzen zait. Ez da gertatu gertuko herrietako festetan gertatu dena. Patetikoa da gatazka sortzea, eta pertsona baten helburua izatea ekitaldi bati boikota egitea.
Badira festa modu solemnean bizi dutenak…
Kezkagarria iruditzen zait jendeak oso serio hartzea festa. Errieta egin digute digute Banderaren jaitsieran saltoka ibili eta kantatzeagatik. Barrea eragiten dit. Hau festa bat da! Kontzertu batera baldin bazoaz, eta dena ematen ari den zale bat baduzu ondoan, ba agian zapaldu egingo zaitu nahigabe. Ba, bueno.. zer egingo duzu? Bizi eta utzi bizitzen!
Hunkitzen zarenetakoa zara?
Hunkituko nintzateke festan egoteko aukerarik ez banu. Eta, beti gertu izan ditudan danborzale eta festazaleak ez zaizkit falta, ondoan ditut. Gauza horiekin emozionatuko nintzateke, bestela ez. Festa bat da!
Txaranga batean ere ibiltzen omen zara.
Antiguako Do Ta Ke eta Lasarteko Gautxori txarangetan. Oso dibertigarriak dira biak. Nik tronpeta jotzen dut. Oraindik ez dut danborradako kantak jotzen ikasi. Oso gogorra da! Gustatzen zait ohikoak ez diren kantak jotzea. Rock-and-roll-a asko gustatzen zait, baina taldean askotariko pertsonak gaude, eta beraz, nahiz eta ez gustatu, reggaetoia jotzea ere tokatu zait. Baina, egia esateko, berdin du zer jotzen duzun txaranga batean, beti da arrakastatsua. Askotan buelta pila bat ematen dizkiogu errepertorioari, eta gero, denak funtzionatzen du.
Donostia Kulturako zinema unitatean lan egiten duzu. Nola iritsi zinen?
Nik kazetaritza ikasi nuen. Gero, telebistan ordezkapenak egiten hasi nintzen, erredaktore moduan: Lo que faltaba, Buen Rollito… Kazetaritza ikasten duzunean pentsatzen duzu gerra kazetaria izango zarela, baina gero… Nik ez dut inoiz bokazio argi bat izan, baina orain, uste dut ondo pasatzea dela. Ez dut inoiz horren bokazio sendo bat izan ondo pasatzen ari nintzela ez baloratzeko.
Pixkanaka, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean hasi nintzen lan egiten, eta konturatu nintzen profesionalki zinemak ematen zidana oso ona zela. Eta, gainera, ondo pasatzeko aukera nuela. Oso garrantzitsua da lanean ondo pasatzea, ordu asko pasatzen ditugu eta! Kimuak-en ere lan egin nuen. Asko gozatu nuen, film laburren zale amorratua naiz eta. Egun Donostia Kulturako zinema unitatean lan egiten dut. Asko gustatzen zait nire lana eta oso ondo pasatzen dut. Gainera, oso pribilegiatua naizela esango nuke.
Oso zinezalea zara?
Zinezalea naiz, baina ez naiz zinefagoa. Asko gustatzen zait zinemara joatea, luxu handi bat da film on bat ikustea eta asko gustatzen zait zinemara joatearen zeremonia… Baina zaletasun asko dauzkat, eta, beraz, azkar mugitzen naiz.
Gaueko aterpean ere lan egiten duzu boluntario gisa. Nola hasi zinen?
Oso istorio klasikoa da. Krisiaren momenturik okerrenean nire egoerak hobera egin zuen. Oso momentu onean nengoen. Eta, momentu horretan, pentsatu nuen: ba badago jende asko oso gaizki pasatzen ari dena. Zerbait egin nahi nuen. Horren lanpetuta nago soilik gauez egin dezakedala zerbait. Lagun batek esan zidan boluntario gisa hasiko zela gaueko aterpean, eta horrela hasi nintzen.
Nolako esperientzia izan da?
Ba asko ikasten da, oso aberasgarria da boluntario gisa lan egitea. Aurreiritzi asko ditugu, denoi gertatzen zaigu, ezta? Kalean bizi den jendea ikusten duzu, eta ez zara haiez fio. Baina, berez, ez dugu inor ezagutzen. Ez bazara haietaz fio, ez izan fio inorekin. Ez dakizu ezer inguruan daukazun jendeaz. Taberna batean bertan. Pertsona batek zurito bat ordaintzeko dirua duelako izango duzu pertsona horrengan konfiantza? Edo ogia saltzen dizunarekin? Askotan itxurarengatik bakarrik epaitzen dugu.
HAMABIETAN BERMUTA. Bermuta eta patatak.
Non. Eiger taberna (Parte Zaharra).
Prezioa: 2,40 euro.