Maravillas gaztetxearen aldeko manifestaziora Donostiatik abiatu den autobusa gelditu du poliziak
Iruñeko Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioa ari dira egiten Nafarroako hiriburuan. Parte Zaharreko Kijera gaztetxeko kideek autobusa antolatu dute martxara joateko. Iruñera sartzeko bost minutu falta zituztela Espainiako poliziak autobusa gelditu duela salatu dute.
“Bosnaka autobusetik jaitsi eta banan-banan erregistratu gaituzte”, esan dute. 40 minutu autobusetik kanpo eman ondoren, nortasun agiria jasotzera deitu dituzte furgoneta atzera, eta han polizia ez zela zioen pertsona bat zegoen burua estalita. “Argazkiak ateratzen ibili da denon irudi gaurkotua izan dezaten”. Jarrera horrekin haserre agertu dira gaztetxeko kideak. “Haien legea ere ez dute errespetatzen, eskatuta ere ez dira identifikatu, eta burua estalita zuela lagun bat zela esan dute”.
Berria egunkaria manifestazioaren jarraipen berezia egiten ari da.