Patinete elektrikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina jarriko du abian udalak
![Erabilera_araudia](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2019/01/erabilera_araudia.jpg)
Datorren urtarrilaren 26an, Donostiako Udalak abian jarriko du patinete elektrikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina. Mugikortasun agenteak eta Udaltzaingoa modu bateratuan ariko dira lanean ibilgailu hauek modu egokian gidatzeko informazioa emateko hiritarrei. Udalak abenduaren 26an aurkeztu zuen patinete elektrikoen erabileraren behin-behineko araudia.
Kontrol kanpainaren bidez hiru neurri jakinarazi nahi direla azpimarratu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak: “Ibilgailu hauekin espaloietatik ez ibiltzea, ibilgailu bakoitzean pertsona bakarra joatea eta patinete hauek erabiltzeko beharrezko adina errespetatzea”. Araudi berriak jasotzen dituen bestelako segurtasun gomendioak ere emango dituzte. Hala nola, homologatutako kaskoa erabiltzea, argiak piztuta izatea eta ibilgailua behar bezala izatea.
Oraingoz ez dute isunik jarriko sentsibilizazio kanpaina delako. Hori bai, trafiko eta bide segurtasunari dagozkion arau hausteak ematen badira neurriak hartuko dituzte. Bizikletaren kasuan, berriz, erabilera ez egokia zigortuko da. Esaterako, espailoitik ibiltzea.
Pasa den azaroan patinete elektrikoen inguruko erreportajea argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk.