Rosa Garcia: "Ezin dugu onartu XXI. mendeko hiri batean etxebizitzaren krisi hau sufritzea"
Rosa Garcia aktibistak hunkituta jaso du 2019ko Urrezko Danborra. Stop Kaleratzeak plataformako bozeramailea da, eta haien izenean jaso du saria.
“Madrilen jaioa naiz. Nola imaginatuko nuen ba horrelako sari bat jasoko nuela?”. Rosa Garcia aktibistak hunkituta jaso du 2019ko Urrezko Danborra. Stop Kaleratzeak plataformako bozeramailea da, eta haien izenean jaso du saria. 2015etik bere kideekin etxebizitza eskubidearen aldeko borrokaren zailtasunak eta arrakastak partekatu ditu. Adierazi du Donostia eskubideekin konprometitua dagoela: “Babesa sentitu dugu finantza erakundeen aurrean egin ditugun protestetan. Turismoari proiektatua dagoe hiria da, baina badu bere B aldea, konpromisoz betetako hiria. Ez dadila ezinezko misioa izan etxebizitza duin baten aldeko eskubidea”. Ohartarazi du burbuila oso arriskutsua puzten ari dela, ordainezinak diren alokairuena: “Mila euroko soldatekin ezinezkoa da. Metro karratu garestiena duen hiria gara, eta orain alokairuaren prezio garestiena dugu”. Arazo honi aurre egiteko neurriak azpimarratu ditu: etxebizitzen erabilera turistikoa neurtu eta mugatu, alokairuen prezioak mugatu, hutsik dauden etxebizitzak mugitzea… “Ezin dugu onartu XXI. mendeko hiri batean etxebizitzaren krisi hau sufritzea. Gerraosteko egoera bera bizitzen ari da jende asko”.
Aurtengo Urrezko Danborra berezia dela nabarmendu du Eneko Goia alkateak: “Ez da pertsona ospetsua, eta ziur nago ez duela inoiz ezaguna izan nahi. Emakume aparta da, borrokalaria, konprometitua, solidarioa, altruista, esku zabala, nekaezina, langilea. Zure lanarekin, fokua gaizki pasatzen ari den jendearen gainean jartzea lortu du. Hori ere Donostia da. Udal guztiaren izenean zuk ordezkatzen duzun plataformak egiten duzun lana eskertu nahi dugu. Zuen sentsibilitateari esker ezagutu dugu jende askoren egoera larria. Gure betebeharra da gaizki pasatzen ari den jendearen ondoan egotea”.
Stop Kaleratzeak plataformako kide batek ere hartu du hitza ekitaldian. Hitz ederrak eskaini dizkio Javier Hernaezek, kolektiboko kideak eta Altzako eta Larratxoko parrokoak: “Hiri hau kolibriz beteta dago. Hegazti txiki eta koloretsuak dira. Segunduro 80 hegada egiten dituzte. Baina hiri honetan lehoiak ere badira. Rosa kolibri bat da. Emakume txikia eta indartsua da Rosa Garcia. Hara eta hona doa bere hegada sendoarekin. Mokoarekin ura hartzen du, sua itzaltzeko. BBVAko presidentearen hitzek piztutako sua itzaltzeko. Hark 15.800 euro kobratzen ditu egunero, eta gutxieneko soldata ematea herrialdearen ekonomia mantsotzea dela esan zuen. Basoa sutan dago, eta bakoitzak bere burua salbatzeko korrika egiten duen bitartean, kolibriek ura hartzen dute sua itzaltzeko. Nahiko da sua itzaltzeko? Ez, baina Rosak dagokion lana egiten du. Zorte izugarria da kolibriz betetako hiri batean bizitzea. Kolektibo koloretsu baten parte da. Elkartasunaren bidez hiri justuago baten alde lan egiten du”.
Rosa Garciaren ibilbidea gogora ekarri duen bideo bat proiektatu dute ekitaldian. Bere alabak, Lorea Elizaldek, azaldu du gaztetatik parte hartu duela hainbat gizarte mugimendutan: Langileen borrokan, auzo elkarteetan, mugimendu feministan… Eta azken urteetan, erretiroa hartu zuenetik, Stop Kaleratzeak plataforman. Hainbat kidek azaldu dute nola sortu zen Gipuzkoako plataforma. M15 mugimenduak hauspotu zuela etxebizitza duin bat izateko eskubidearen aldeko borroka, eta horrela sortu zirela hainbat elkarte. Etxebizitza ordaintzeko eta kaleratuak izateko arazoak dituzten pertsona batzuek ere hitza hartu dute bideoan. Euren egoera larriaren berri eman dute, eta izugarri eskertu dute Stop Kaleratzeak-en lana.