Euripean bukatu da San Sebastian eguna
Zaparradak izan dira bandera jaitsierako protagonistak, baina horrek ez ditu donostiarrak kikildu. Konstituzio plazan giro paregabea bizitzeko aukera egon zen igande gauean.
Konstituzio plazan giro paregabea bizitzeko aukera egon zen igande gauean, taula gainean zein taulatik kanpo. Donostiarrek ez zioten San Sebastian egunari bukaera eman nahi, eta dena eman zuten azken unera arte. San Sebastian Martxa interpretatu zuten Union Artesanako lagunek 00:00ak jotzearekin batera, eta euripean egin zuten ikuskizuna, dantzariekin batera. Behin San Sebastian eguna ofizialki bukatuta, ohikoak diren bestelako abestiak entzuteko aukera egon zen: Realaren ereserkia, Batasuna, Isil isilik… Nabari zen, gainera, astelehena ere jai zela donostiar askorentzat, eta plaza lepo beteta, inorrek ez zuen etxera joateko asmorik, 00:45ean ere.