Paco Etxeberriak pozik jaso du Amara Berriko ohorezko zapia
Oroigarrri bana eman diete danborradan 25 urtez jarraian parte hartu duten bost kideri.
Amara Berri ikastetxeko danborrada kalera atera zen igandean ere, San Sebastian egunez. Amara Berri-Ferrerias ikastetxearen jolastokian elkartu ziren danborradako kideak, eta ibilbideari ekin aurretik, sari banaketa egin zuten. Batetik, ohorezko zapia eman zioten Paco Etxeberriari. Ezaguna da oso Etxeberria, antropologoa eta auzitegi medikua, besteak beste, lan egin duelako Lasa eta Zabala kasua argitzen edo 1936ko gerrako hobi komunen aurkikuntzan. Gainera, Amara Berriko ikastetxeko guraso ohia da Etxeberria, eta hunkituta eta pozik jaso zuen saria. Etxeberriak gogoratu zuen Amara Berrin bertan ere topatu zituztela gerrako hobiak. Horretaz gain, bere alde ludikoago bat agerian utzi zuten, eta azaldu zuten Paco Etxeberria bera izan zela beste lagun batzuekin batera Amara Berriko kaldereroen lehen korpatsaren bultzatzailea.
Stop Kaleratzeak plataformako Rosa Garcia auzotarra ere izan zen danborradakoekin, aurtengo Urrezko Danborra irabazi du eta.
Bestetik, oroigarrri bana eman zieten danborradan 25 urtez jarraian parte hartu duten bost kideri.