Parte hartzeak gora egin du San Sebastian egunean
Donostiako Udalak San Sebastian egunaren balorazioa egin du. Haur danborrada ikusten 40.000 pertsona inguru egon zirela adierazi du Alfonso Gurpegi Festetako zinegotziak. “Harro esan dezakegu inguruko herri eta hirietatik etorritako ikuslegoa gutxienez %10a igo dela. Ezin ahaztu horrez gain, frantziar publikoaren presentzia garrantzitsua”.
Helduen 147 danborrada eta haurren 63 atera ziren. “Guztira, 18.399 heldu eta 8.249 haur”, azpimarratu du Gurpegik. Eguraldi petralari aurre eginez haur danborrada egin ahal izan zuten. “5.088 neska-mutil atera ziren, eta konpainiek 42 minututan egin zuten ibilbidea. Alderdi Ederretik hasi eta Gipuzkoa plazan bukatu zuten”.
Konstituzioko plazako ekitaldiei dagokienez, pare bat nabarmendu ditu Festetako zinegotziak. “Bandera igoeran hiriko auzo guztietako danborradetako 112 ordezkarik parte hartu zuten, eta ikurriñaren igoera Genuine Ligako Realeko kideek egin zuten, bereizketarik gabeko partehartzea bultzatuz”. Aldiz, bandera jaitsieran 6.500 pertsona inguru bildu ziren plazan, eta auzoetako danborradetako 87 pertsonek parte hartu zuten. Era berean, Rosa Garcia Urrezko Danborrak jaitsi zuen ikurriña.
Bukatzeko, Gurpegik nabarmendu du danborradaren webgune berriak harrera ona izan duela. “Egin diren kontsultak 18.352 izan dira. Honek gure jaiak pizten duen interesa adierazten du”.