Xabi Alonso futbolari ohia asteartean epaituko dute zerga iruzurra egotzita
Urtarrilaren 22an Madrilen epaituko dute Tolosako futbolari ohia. Bost urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak, Real Madrileko jokalaria zela, bi milioi euroko iruzurra egitea leporatuta.
(Albiste hau Axier Lopez kazetariak argitaratu du Argian, eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu Irutxuloko Hitzara)
Espainiako Zerga Agentziak 2015. urtean abiatutako ondasun pertsonalei buruzko ikerketa batean topatu zituen futbolari ohiaren ustezko lehen delitu zantzuak. 2010etik 2012ra bitartean –Real Madril futbol taldean jokatzen zuen orduan– aitortu gabeko hainbat diru sarrera zeudela ondorioztatu zuen agentziak, irudi eskubideei lotutakoak guztiak, eta fiskaltzari ikertzeko eskatu zion. Portugalgo Madeira irletan (Cristiano Ronaldo futbolariaren jaioterria) dagoen enpresa baten bitartez kudeatu zituen irudi eskubideak, eta ustez horrela, 2010, 2011 eta 2012an bi milioi euroko iruzur fiskala egin izana egozten dio Espainiako Ogasunak Alonsori. Bost urtera arteko kartzela eskaera egin du fiskaltzak.
Alonsoren taldekide ohi Cristiano Ronaldoren aurkako epaia ere aste honetan egingo dute, baina haren kasua argituta dago honezkero. Negoziazio baten ostean, onartu ditu haren aurkako delituak, eta ordainetan 18 milioi ordainduko dizkio Espainiako Ogasunari eta 23 hilabeteko kartzela zigorra onartu du. Horrela, kartzela saihestea lortu du.
Alonsok betebehar fiskal guztiak “beti” bete dituela adierazi du, eta horregatik uko egin dio negoziatzeari.