Bizitzaren jasangarritasuna jorratuko dute Guneak Zabaltzen topaketetan
Guneak Zabaltzen topaketak egingo dituzte hirugarren aldiz, 'Bizitzaren jasangarritasuna Donostian' lelopean.
Guneak Zabaltzen topaketak egingo dituzte hirugarren aldiz urtarrilaren 24an eta 31an, eta otsailaren 2an Okendo kultur etxean eta Cristina Eneako ingurumen baliabideen etxean. Hirugarren topaketen gaia eta leloa Bizitzaren jasangarritasuna Donostian izango da, ekofeminismoetatik garatutako teorietan oinarrituta. Hiru egun horietan bizitza erdigunean jartzen dituzten egitasmoak ezagutzera emango dituzte, eta era berean, talde horien arteko lankidetza sustatuko dute.
Guneak Zabaltzen egitasmoa Politki Elkartetik 2016an sortutako ekimen irekia da eta, besteak beste, ondorengoek babesten dute: DonostiCo, GoiEner, Saretuz, Otarra BioElkartea, Donostia Impact Hub eta Cristina Enea Fundazioa.
Topaketa irekiak eta irisgarriak izateko asmoz, hainbat neurri hartu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, euskara izango da hizkuntza nagusia, baina boluntariei eta gune irekiko parte hartzaileei esker auto-antolatutako itzulpen zerbitzua egongo da. Bestetik, topaketetarako aldez aurretik izena ematerakoan haurren zaintza eskatzen bada, txikien zaintzaz arduratuko diren pertsonak egongo dira, beraien guraso edo arduradunek eztabaidetan parte hartu ahal izateko. Azkenik, Okendo kultur etxeak eta Cristina Eneako ingurumen baliabideen etxeak gurpildun aulkietan doazen pertsonentzako sarrera egokiak dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
EGITARAUA
Urtarrilak 24, osteguna – 18:00 – 20:30 – Okendo kultur etxea
Bizitza erdigunean jartzen duen lan saioa: Zer esan nahi du bizitzaren jasangarritasunak? Zertaz ari gara? Bizitzaren jasangarritasuna kontzeptua azalduko da laburki eta talde-hausnarketara bideratutako world-kafe dinamikan parte hartzeko aukera egongo da.
Urtarrilak 31, osteguna – 18:00 – 20:30 – Okendo kultur etxea
Bizitza erdigunean jartzen duen lan saioa: Donostian bizitzaren jasangarritasunaren alor edota behar zehatzetan lan egiten duten proiektu edota egitasmoen aurkezpena. Saioaren helburua bikoitza da: alde batetik, proiektu horiek ezagutzera ematea, eta bestetik, han egongo direnen arteko lotura eta lankidetza erraztea.
- Txantxafrika: Laguntza eta bizi duina ematen duen Txantxarreka gaztetxean sortutako egitasmo parte hartzaile zabala.
- Saretuz: Donostiako kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen sarea.
- Haritzalde: Naturzaleen elkartea.
- Fiare: Finantza etikoa.
- Dunak taldea: Hirigintza feminista eta parte hartzea.
- Abaraska: Etxebizitza kooperatiba.
Otsailak 2 larunbata – 10:00 – 18:00 – Cristina Eneako ingurumen baliabideen etxea
Saretu eta sinergiak aurkitzeko topaketa ireki parte hartzailea: Donostia jasangarria? Nola batu indarrak Donostian bizitza jasangarria bermatzen ahal izateko? Nola bermatu ditzakegu Donostian oinarrizko beharrak? Ze jende ari da ahalegin horretan, eta nola piztu eta hobetu dezakegu lankidetza?