Denboraleak kalteak eragin ditu hiriko zenbait tokitan
Denboraleak kalteak eragin ditu hiriko zenbait kaletan, eta alerta laranja dela eta hainbat toki itxita egongo dira datozen orduetan.
Donostiako Udalak jakinarazi du denboraleak kalteak eragin dituela hiriko zenbait kaletan. Gauean zehar zenbait zuhaitz erori dira hirian, hala nola, Murgil bidean, Portuetxen, eta Loiolako Erribera eta Bizkaia pasealekua lortzen dituen errepidean. Azken hori da erori den handiena, eta suhiltzaileak erretiratzen saiatzen ari dira. Udalak jakinarazi duenez trafiko arazoak sor litezke zuhaitza errepidetik kendu arte.
Amaran, Eustasio Amilibia kalean, aldamio batetik egur zati bat erori eta emakumezko bat kolpatu du. Zauri arinak eragin dizkio eta Amarako osasun zentroan artatu dute. Bere egoerak ez du larritasunik.
Bestalde, haizeak edukiontziak mugitu ditu hiriko hainbat lekutan.
Haize bolada bortitzak direla eta, Egiako parkea itxi dute. Era berean, hiriko gainerako parkeak zatika itxita daude. Babes Zibilak atzo jakinarazitakoaren arabera, Pasealeku Berria itxita dago Soraluze kaletik. Leizaola (Zurriolako itsas morrua) eta Txillida (Haizearen Orrazia) pasealekuak ere itxita daude.