Donostiako Udalak Artikutzako barrutia erosi zuenetik ehun urte pasa dira
Artikutzako barrutia erosi zuen duela ehun urte Donostiako Udalak. Ospatzeko hainbat ekintza antolatuko dituzte urtean zehar.
2019an ehun urte beteko dira Donostiako Udalak Artikutzako barrutia erosi zuenetik. Urtean zehar, ehungarren urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte, horien artean, urtarrilaren 27an egingo duten mendi ibilaldia. Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programa barruan dago bisitaldia, eta hilabete honetakoa Eskas – Artikutza Mintegixar eta sigi-saga bideetatik izango da. Ibilaldiak 10 km inguru ditu, eta 600 metroko desnibela.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bisita gidatuan parte hartzeko, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, hau da, urtarrilaren 25a baino lehen. Honako helbidean, artikutzanatura@donostia.eus edo telefonoz 620 337 875 (astelehenetik ostegunera, 11:00tik 16:00ra) egin daiteke.
Hona hemen antolatzaileek ibilaldiari buruz egin duten deskribapena:
Eskasen elkartuko gara, eta kotxe pare bat auzora jaitsiko ditugu, amaitzean bueltatu ahal izateko, ibilaldia ez baita zirkularra.
Eskasetik abiatuko gara oinez, eta auzora doan ohiko bidea hartu ordez, eskuin aldera jotzen duen bidea jarraituko dugu, Mintegixar aldera. Alde honetan, Artikutzako altxor bat ezkutatzen da: hagina. Isilpean, mendeak igaro eta gero oraindik irauten dute zuhaitz hauek. Nolabait, Artikutzako historia euren larruan bizi izan duten aktoreak dira.
Mintegixar igaro ondoren, auzorako bidea hartuko dugu, baina zuzen joan ordez, apur bat desbideratuko gara industriak utzitako azpiegitura berezi baten ondotik pasatzeko, hain zuzen ere, materialak mendian gora igotzeko eta Pasaia aldera trenez eramateko eraiki egin zen plano inklinatu edo “igogailu” zaharraren ondotik. Azkenik, trenak utzitako sigi-saga jarraituz, auzora helduko gara.