Greba feminista prestatzen hasiko dira Egian
Martxoaren 8ko greba feminista antolatzeko lehen bilera irekia egingo dute Egian.
![egia-sorgin-dantza](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2018/06/Egia-sorgin-dantza.jpg)
Joan den urtarrilaren 17an Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako deituko duen greba feministaren nondik norakoak aurkeztu zituen. “Zaintzaren gatazkari” zentralitatea eman nahi diote aurten, eta bost ardatz izango ditu greba feministak: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza.
Donostian, duela hilabete batzuk hasi ziren bilerak egiten, greba feministak hirian izango duen forma zehazteko, eta hurrengo bilera irekia urtarrilaren 26an izango da, larunbata, 10:00etan. Emakumeen Etxean egingo dute.
Halaber, aurten auzoetako dinamikak indartzeko asmoa dute, eta Egian, greba prestatzeko lehen bilera egingo dute ostiralean, hilaren 25ean. Egiako kultur etxean egingo dute, 19:30ean, eta deialdian auzoko “emakume* guztiak” parte hartzera deitu dituzte: “Egiako emakumeok* antola dezagun geure auzoan greba feminista! Batu ditzagun geure indarrak, denak gara beharrezkoak. Gora emakumeon* borroka!”.