Intxaurdik IV. Txapelketa Solidarioaren lorturiko dirua eman dio Aspanogiri
Mentxu Jaca Intxaurdi Kirol Elkarteko presidenteak 2.085 euroko txekea eskura eman dio Nekane Lekuonari, ASPANOGI Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteko ordezkariari. Hain zuzen ere, Intxaurdik antolatzen duen IV. Txapelketa Solidarioan bildutako dirua da elkarteari eman diotena.
Abenduaren 23 eta 24an egin zuten txapelketa, Cesar Benito futbol zelaian. Guztira 11 eta 12 urte bitarteko emakumezkoen 26 taldek parte hartu zuten. Bakoitzak 25 euro ordaindu zituen izena emateagatik, eta partidak ikustera hurbildu zirenek gutxienez 2 euroko diru-laguntza eman zuten. Talde guztien artetik bi iritsi ziren finalera: Reala eta Bizkerre. Txuri-urdinek luzapenean lortu zuten garaipena, 4 eta 2ko emaitzarekin.
Lehen aldia da Intxaurdi kirol elkarteak Aspanogiri eskaintzen diola txapelketa. Aurreko hiru txapelketetan eskuraturiko dirua Gipuzkoako Elikagai Bankuari eman zioten.