Donostiako espazio publikoen mapa egin du Emaus Gizarte Fundazioak
Aske eta doan erabili daitezkeen egoteko lekuak dira guztiak. Mapa honen helburua izan da komunitate inklusiboagoak eraikitzea
Hiriko espazio eta toki irekiak erakutsi nahi ditu mapak: kirola egiteko, kultur jardueretan parte hartzeko, oinez zein bizikletaz ibiltzeko. Aske eta doan erabili daitezkeen egoteko lekuak dira guztiak. Mapa honen helburua izan da komunitate inklusiboagoak eraikitzea: “Gozatu, jolastu, irakurri, elkarrekin egoteko tokiak bildu ditugu; hau da, Bizi Hezi proiektuak erakutsi digun bezala, zaintza erdigunean jarriz, Donostia inklusiboago bat eraikitzeko guneak”, azaldu du Emaus Gizarte Fundazioko Sheila Padronesek.
“Mapa, norberaren denboraren erabilera, kontsumo arduratsua eta gizarte partaidetzaren inguruko hausnarketatik abiatzen da, espazio baten erabilera askeaz gozatzeko inolako eragozpenik edo murrizketarik ez dela egon behar ulertzen dugun heinean”, jarraitu du.
Emausen ustez, espazio publikoak eguneroko bizitza garatzeko eta hau amankomunean jartzeko balio duten leku horiek dira. Beste hainbat pertsonarekin gurutzatu eta esperientziak partekatzen diren leku horiek. “Elkarbizi eta komunitatea eraikitzen dugun lekuak dira. Espazio hauek era libre eta berdintsuan erabiltzearen menpe dago, beraz, gure benetako parte-hartzea komunitate horretan”.
Hainbat eragilek parte hartu dute egitasmo honetan: “Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emaus Gizarte Fundazioak kudeatzen duen Uba inklusio zentroko partaideekin batera egin da; beraien behar eta nahietatik sortuz. Aldi berean, eta mapak jasotzen duen informazioa aberasteko asmoz, bere ekarpena egin nahi izan duten norbanakoekin eta baita hiriko hainbat proiekturekin ere alderatu da. Saretuz-ekin, M-Etxea-rekin eta Cristina Enea Fundazioa-rekin”, esan du Padronesek. Proiektua Donostiako Udalaren babesarekin garatu dutela gaineratu du.
Mapa hurrengo astean egongo da eskuragarri. Donostiako kultur etxe eta kulturguneetan, Emaus Gizarte Fundazioaren egoitza, zentro eta dendetan hartu ahal izango da. Aldi berean, mapan agertzen diren tokiak on-line aurki daitekeen MapaSaretuz-en (kontsumo alternatiboen mapa) txertatuko dira.