"Ahalik eta azkarren kartzela bota behar denaren froga da hau"
Euri zaparrada handiak egin ditu egunotan, eta, horren ondorioz, urak hartu du Txomineneko eraikin berri batzuen eta espetxearen arteko tartea.
Urez inguratuta bukatu du Martuteneko kartzelak bart gauean. Euri zaparrada handiak egin ditu egunotan, eta, horren ondorioz, urak hartu du Txomineneko eraikin berri batzuen eta espetxearen arteko tartea. Horrela, lehenbailehen irtenbide bat eskatu dute Txomineko Lanberri auzo elkartekoek. “Ez dugu polemika sortu nahi, baina egoera hau ez da sorpresa bat. Urak ezin du beste biderik hartu, etxebizitza berriak eraiki dituztenetik, beraz, punturik baxuenak hartzen ditu: kartzela eta errepidea. Ahalik eta azkarren kartzela bota behar denaren froga da”, adierazi dio auzo elkarteko Moises Alvarok IRUTXULOKO HITZAri.
Urteetan Txominenea izan da uholdeek gehien kaltetu duten auzoa, Martutenerekin batera. Azken urteetan obra handiak egin dituzte bi auzoetan, eta uholdeei beldurra galtzen ari dira auzotarrak, pixkanaka. Bi auzoetan botatzen ari dira betidanik paisaiaren parte izan diren eraikin esanguratsuak, eta aldaketa handiak egin dituzte, baina beharrezkoa izan dira lanak, uholdeak saihesteko. Espetxearen kontuarekin, ordea, ez dago adostasunik politikarien artean, eta leku eta egoera berean jarraitzen du.
Txominenea bizitzen ari den eraldaketa izango da, hain zuzen, datorren ostiraleko aldizkariaren gai nagusia. Hainbat auzotarrekin hitz egin dugu gaiaren inguruan.