Inkesta: Antiguako AEK
Aste honetatik aurrera, IRUTXULOKO HITZAk kolaborazio berri bat hasiko du Donostiako euskaltegiekin. Hedabidearen komunitatea indartu eta zabaltzeko asmoz, hilabetero hiriko euskaltegi batek parte hartuko du inkesta batean, eta kazetariek eta ikasleek gaurkotasun-gaien inguruan solas egiteko espazioa sortuko da horrela. Euskara ikasten ari diren pertsonei protagonismoa eman, eta euskara arlo praktikora eramateko xedea du kolaborazioak.
Hilabete honetan, Antiguako AEKren txanda izan da, eta honako bi galderen inguruan izan da solasaldia:
- Zein garraiobide erabiltzen duzu Donostiatik mugitzeko?
- Nola ikusten duzu Donostiako garraio sarea?
1 – Ni beti autoz ibiltzen naiz. Hiru umerekin ibiltzeko niretzat erosoena da. Gainera, abantaila bat daukat: nire senideek garaje bat daukate Donostiako Erdialdean. Zuzenean joaten naiz Erdialdera eta ez daukat arazorik lasai-lasai ibiltzeko. Garajerik edukiko ez bagenu, ziur asko, autobusez ibiliko nintzateke. Usurbilen bizi naizen arren bizitza Donostian egiten dut, eta oraingoz autoa behar dut.
2 – Nire ama Aieten bizi da, eta Aieteko errealitatea ezagutzen dut. Auzora iristeko loturak oso ondo daude, eta nire garaian ez, baina orain linea asko pasatzen dira handik. Ondo komunikatuta dago.
1 – Ni normalean autoz, bizikletaz, oinez, edo autobusez ibiltzen naiz. Eguraldi ona egiten badu, bizikletaz edo oinez joaten naiz, izaten dudan denboraren arabera. Eguraldi txarra egiten badu, Hizkuntza Eskolara kotxez joaten naiz, han aparkatzea oso zaila den arren. Hala ere, nahiago dut bizikleta erabili, oso garraiobide independentea delako. Bizikletarekin denbora gutxi erabiltzen dut mugitzeko, eta Antigua eta Erdialdetik ibiltzen naizenez, dena laua da.
2 – Niretzat bidegorriak ondo daude, eta ondo moldatzen naiz oinezkoekin. Autobusak ere ondo daude, eta batzuetan oinez joaten naiz tokietara eta autobusez itzuli.
1 – Normalean bizikletaz ibiltzen naiz. Asko joaten naiz Antigua eta Aietera, eta oso erosoa eta merkea da. Gainera oso azkar joaten naiz. Nire bizikleta elektrikoa da eta horregatik ez dut Aieteko aldapak igotzeko arazorik izaten, baina lehen bizikleta normal bat neukan eta berdin-berdin igotzen nituen! Euria egiten duenean ere, kapa jantzi, eta bizikleta erabiltzen dut.
2 – Niretzat garraiobide publikoaren sarea oso ondo dago. Autobuseko bidaiak ez dira merkeak, baina maiztasuna oso ondo dago. Bestalde, geltoki guztiak ez daude euriarentzat ondo prestatuta, baina orokorrean ondo dago.
Sebastian Mintegi (Antigua)
1 – Ni bizikletan ibiltzen naiz ahal dudan guztia. Abantaila asko ditu: erosoa da, kirola egiten dut, ez dut dirurik gastatzen eta mantentze-lanik ere ez du behar. Bizikleta nahiko interesgarria da mugitzeko. Gainera, Donostian dena laua da.
2 – Nik arazo bat daukat garraio publikoarekin: asteburuetan lan egiten dut eta goizean goiz autobusa hartzeko arazoak izaten ditut. Langileentzat, behinik behin, ez dago autobusik ordu horietan. Gero, bidegorriarekin ere nahiko arazo ikusten ditut. Esaterako, Erdialdean ez dago batere ondo markatuta, eta zaila da ikusten nondik doan bidea. Gainera, oso zaila da Donostia gurutzatzea bizikletatik jaitsi gabe, bidegorriak ez duelako jarraipenik zati batzuetan.
1 – Zumarragan lan egiten dut, eta lanagatik autoz ibiltzen naiz, baina Donostiatik ibiltzeko nahiago dut bizikleta. Bi seme txiki dauzkat eta gustatzen zait haiek ere bizikletaz ibiltzea. Denok ilaran joaten gara bidegorritik, bata bestearen atzetik.
2 – Eguraldi txarra egiten duenean, oso garestia izan arren, autobusa erabiltzen dut, baina arazo bat izaten dut; jaietan, adibidez, umeen aulkiak sartzeko ez da lekurik egoten. Batzuetan autobus gehiago jartzen dituzte, baina ez da nahikoa izaten. Orduan, kasu horietan, taxia hartzen dut. Topoa hartzen dut Donostiatik kanpo joateko, baina hirian bizita, ez dut behar izaten.