Kaldereroen, inudeen eta artzainen txanda da
San Sebastian egunaren ondoren, kaldereroen eta inude eta artzainen txanda dator.
San Sebastian egunaren ondoren, kaldereroen eta inude eta artzainen txanda dator. Gaur aurkeztu dituzte Donostiako Udalean datozen egunetan hirian zehar kaleak girotzera aterako diren kaldereroen konpartsak. Aurten 16 konpartsa ibiliko dira hiriko auzoetan, iaz baino bat gutxiago. 16 horietatik, bost otsailaren 1ean, ostiralean, irtengo dira; zortzi, otsailaren 2an, larunbatean; bi, otsailaren 8an, ostiralean; eta azkena otsailaren 9an, larunbatean. Inudeen eta artzainen konpartsak, aldiz, otsailaren 3ean, igandean, aterako dira.
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala otsailaren 2an aterako da eta 19 tribuk osatuko dute konpartsa. 21:30ean kaldereroen elkarretaratzea egingo dute Fermin Kalbeton kalean, Lasala plazaren ondoan, eta 24:45ean hasiera emango diote desfileari. Konpartsaren buru Hondarribiko Alarde mistoko Jaizkibel konpainiako kideak izango dira. Erregina Asier Garayalde Etxaburu izango da, eta haren Damak, aldiz, Izaskun Larruskain Arbelaitz eta Miren Sagarzazu Gonzalez. Entseguak Orixe ikastolan izango dira, urtarrilaren 28, 29, 30 eta 31ean, 20:00. Azken entsegua udaletxeko pleno aretoan izango da, otsailaren 1ean, 19:30ean.
Aurkezpenean Jaizkibel konpainiako Maribel Gartzia eta Monika Miranda ordezkariak egon dira. Gartziak Donostian jai parekideen alde egindako lana goraipatu du, eta aitortu du “inbidia” sentitzen dutela. Era berean, Gartzia eta Mirandak Donostiako kaldereroetan parte hartuko duten herritarrei Jaizkibel konpainiako zapia janzteko gonbidapena luzatu diete. Azken urteetan bezala, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak oroitzapenezko txapa bat egin du. Aurtengoan, Jaizkibel konpainiaren irudia agertzen da txapan, eta keinu horrekin emakumeei omenaldi bat egin nahi izan dietela azaldu du Alfonso Gurpegi Festa Jardueretako zinegotzi ordezkariak.
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren izenean hitz egin du Aizpea Leizaolak. Nabarmendu du duela 15 urte izan zirela kaldereroak lehen aldiz mistoak, eta azpimarratu du aldarriak praktikara eramatearen garrantzia. Begi urdin bat abestiaren konpositorea izan zen Biktoriano Iraola, eta Leizaolak adierazi du aurten, bere heriotzaren ehungarren urteurrena beteko dela.
Gurpegiren esanetan, ia auzo guztiek dute konpartsa bat, eta aurten, Aiete, Altza, Amara, Antigua, Erdialdea, Egia, Gros, Herrera, Loiola eta Parte Zaharreko kaleetan desfilatuko dute. Guztira, 4.414 herritarrek hartuko dute parte jaietan, eta horietatik 586 emakumeak izango dira, 616 gizonak, 1.652 neskak eta 1.560 mutilak.
Inude eta artzainak
Inude eta Artzaien konpartsak otsailaren 3an, igandean, aterako dira kalera. Artaiñu-Groseko Artzai eta Iñudeak konpartsaren ordezkari gisa parte hartu dute aurkezpenean Cristina Dominguezek eta Aitzol Enak. Dominguezek gogoratu du duela 18 urte jarri zutela martxan proiektua, eta zailtasunak zailtasun, aurrera jarraitzeko gaitasuna izan zutela. Hasieran 6 bikote atera ziren dantzatzen, eta gaur egun 40 inguruk parte hartzen dute. Aurten, 11:15ean hasiko dute desfilea, eta parodia 12:30ean egingo dute Katalunia plazan. Parte Zaharrean Kresala konpartsa ibiliko da.
Amara eta Loiolako Erriberako kaleak hartuko dituzte Amarako Ikasbide Guraso Elkartea konpartsak otsailaren 10ean. Konpartsa horren izenean Maika Nodar, Cristina Txurruka eta Ainhoa Dorronsorok egon dira aurkezpenean. Aurten, 25 urte beteko dira Ikaskideko gurasoen konpartsa lehen aldiz kalera atera zenetik. Sorreraren helburua haurrei euskal ohiturak transmititzea izan zen, eta hasieran dantza taldekoek parte hartzen zuten, baina gaur egun ikasle eta guraso guztiak dira protagonistak. Konpartsakoek aurreratu dutenez, taldea sortu zuten pertsonei omenaldia egingo diete egunean bertan.