"Neguan migranteen egoera larriagoa da"
Udaraz geroztik, hirira iristen diren migranteen aferak presentzia galdu du hedabideetan, baina harrera baliabideen eskasiaren arazoa ez da desagertu, eta neguak are gehiago zaildu du hona iristen diren pertsonen egoera.
Argazkia: Iñaki Agirre Udaraz geroztik, hirira iristen diren migranteen aferak presentzia galdu du hedabideetan, baina harrera baliabideen eskasiaren arazoa ez da desagertu, eta neguak are gehiago zaildu du hona iristen diren pertsonen egoera. Irungo Harrera Sareak deituta, larunbatean manifestazio nazionala egingo dute Irunen, 17:00etan, Ficobatik abiatuta. Donostiako Harrera Sareko Itxaso Agirre Barandiaranekin (Durango, 1971) hitz egin dugu.
Egun zenbat pertsonak osatzen duzue Donostiako sarea?
Berrogeita hamar baino gehiago gara, hainbat taldetan banaturik. Orain talde batzuk lasaiago daude, udaran hirian izan genuen lan karga baretu egin delako. Duela zenbait hilabete migranteak Gurutze Gorriak antolatutako autobusetan heltzen ziren Donostiara. Lehenik Espainiako hegoaldetik bidaltzen zituzten hona, eta Bartzelonatik eta Bilbotik udazkenean zehar.
Orain, berriz, euren kabuz datoz honaino. Guk geltokian edo kalean egiten genien harrera, eta euren asmoen arabera, hurrengo pausoak ematera bideratzen genituen.
Zergatik ez dituzte autobus gehiago bidaltzen?
Hirira heltzen ziren pertsonak Gurutze Gorriak Zorroagan duen egoitzara bidaltzen zituzten, baina gerora gune hori itxi egin zuten bertan obrak egiteko. Horri nolabaiteko erreleboa emateko asmoz, gune berri bat sortu zuten Gizarte Segurantzaren lokal batean, Gran Soleko Arrantzaleak kalean. Aterpetxe horrek soilik 25 plaza zituen, eta ez da inoiz erabili.
Nire iritziz, Gurutze Gorriak ez ditu Donostiara autobus gehiago bidali gune hori txikiegia geratuko litzatekeelako.
Hortaz, Donostiak egun ez du migranteentzako inolako aterpetxerik eskaintzen?
Bidaiatzen ari diren pertsonek ez dute horrelako zerbitzurik Donostian. Eta hemen geratu nahi diren hainbat pertsona ere kalean bizitzen ari dira. Batzuek Txantxarreka gaztetxean lekua izan dute, baina espazio hori mugatua da, noski. Denek ez dute zorte berdina izan.
Abenduan 20 urteko gazte batekin egon nintzen hitz egiten. Hemen geratzeko asilo eskaera egin zuen, oso gustuko zuen lur hau, baina bere kasua aztertzeko hitzordua apirilerako eman zioten. Ordura arte kalean egon beharko litzatekeenez, Frantziara joateko erabakia hartu zuen. “Kalean lo egiteko nahiago dut han egon, behintzat hizkuntza ulertzen dudalako”, esan zidan.
Zein da egoera mugan?
Azken asteetan gauzak pixka bat erraztu dira, Jaka Horien aferarengatik ziurrenik. Baina egoera zaila da. Atzo bertan bost pertsona bueltarazi zituzten.
Polizia Irun eta Hendaia arteko zubian jartzen da oinez doazenak geratzeko, eta autobusak ere gelditu egiten dituzte. Gainera, Euskotrenen geltokian egon ohi dira. LAB sindikatuak salatu du enpresa publikoko langileak behartuta daudela migranteak Euskal Herrira bueltatzera, polizia frantsesak hala eskatuta.
Legez kanpoko itzultzeak ohikoak dira?
Ohikoena. Espainia eta Frantziako estatuek akordio bat sinatu zuten, lau ordu igaro baino lehen bueltatuz gero, itzultze horiek legezkoak izan zitezen, baina hori ere ez dute betetzen. Frantzian 24 ordu baino gehiago igarota ere bueltatu dizkigute.
Mafiak hurbil izaten dituzte ere.
Mafiek dirua eskatzen diete muga pasatzen laguntzeagatik. Duela gutxi gazte batek kontatu zidan 140 eurogatik eraman zutela Frantziara. Modua ez zidan zehaztu. Baina beste askotan iruzur egiten diete, diruarekin desagertuz edo Frantzian daudela esanez mugaren alde honetan utzita. Orain arte Donostia eta Irungo geltokietan jartzen ziren beraiekin harremanetan. Orain, ordea, mafiek Bilbotik fitxatzen dituzte.
Irungo Harrera Sareak gautxori talde bat dauka, gaueko autobusetan datozenei harrera egin eta eskura dauzkaten baliabide eta aukera desberdinen berri emateko. Duela zenbait egun 40 pertsona iritsi zitzaizkien, eta ez zuten sarekoekin hitz egin nahi ere ez izan. Dena ‘lotuta’ zutela esan zuten.
Donostiara bueltatuz, badakizue zenbat diren kalean lo egiten ari direnak?
Zenbat diren esatea zaila da, baina asko dira, Saharaz hegoaldekoak zein iparraldekoak. Guk kalean eta Tabakaleran egin ohi dugu beraiekin topo, hor ibiltzen direlako. Polizia haien aurkako sarekada bat egiten ari da hor orain, hitz egiten ari garen bitartean.
Hori ere ohikoa da?
Bai. Aurreko astean ere beste bat egin zuten. Halakoetan bertara joaten saiatzen gara, poliziaren jarrera behatu eta gazteek babesa sentitu dezaten.
Zein zerbitzu eskaintzen zaizkie hirian?
Gurutze Gorriak gosariak ematen dizkie, eta Caritasek bazkariak. Bestetik, hemen gelditu nahi direnei Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak errolda lortzeko aukera ematen die, hiru hilabetetan zehar bulegotik hainbat aldiz pasa ostean. Horretarako, noski, Donostian egon behar dute, eta kasu askotan hori ez da gauza erraza izaten.
Badira, adibidez, astebeterako Tolosako aterpetxean geratzeko baimena lortzen dutenak. Horiek egunean zehar Donostiara etorri behar izaten dute, izan erroldarako, izan bazkaria jasotzeko, bestela bere eskubidea galtzen duelako. Eta, noski, sarritan ez daukate autobusa ordaintzeko nahikoa dirurik.
Ez da baliabide eskasia soilik. Eskaintzen dizkiegun baliabideetara heltzeko exijentzia maila izugarria da. Kalean bizitzea oso gauza konplexua da.
Are gehiago neguan.
Bai. Batetik, jende gutxiago dator, baina bestetik, kalean daudenen egoera askoz gogorragoa da. Batzuk sandalietan heltzen dira autobus geltokira, eta gu han egoten gara neguko arropa emateko.
Gaiak presentzia galdu du hedabideetan.
Alde batetik normala da, iristen den jende kopurua murriztu egin delako. Baina, esan bezala, hemen daudenen egoera are larriagoa da orain. Horregatik antolatu da larunbateko manifestazioa.
Zer espero duzue lortzea manifestazio horrekin?
Irungo Harrera Sareak egin du deialdia, eta aldarria sinplea da: Euskal Herria harrera herria bilakatu behar dugu. Horretarako, noski, gauza asko egin behar dira, eta horietako batzuk ez daude lurraldeko gobernuen esku: Atzerritarren Legea, esaterako. Hala ere, oso gai gara migranteek jasaten dituzten baldintza latzak arintzeko.
Agintariei erakutsiko diegu ez garela lau katu, herri oso bat dagoela gai honekin kezkatuta, eta zerbait egin beharra dagoela.


