"Auzoa berpizteko unea izan daiteke"
Txominenea guztiz eraldatzen ari da: betiko eraikin gehienak desagertzen doaz, Morlansen behin behinean zeuden bizilagunak itzultzen ari dira, eta auzotar berriak ere iristen ari dira.
Bukatu dira Txominen uholdeen beldur ziren garaiak. Auzoa guztiz eraldatzen ari da: betiko eraikin gehienak desagertzen doaz pixkanaka, Morlansen behin behinean zeuden bizilagunak itzultzen ari dira, eta auzotar berriak ere iristen ari dira apurka-apurka.
Laster utziko dio Txomineneak auzo txikia izateari. Loiolaren azpi auzoa izan da administratiboki, baina hango bizilagunek betidanik nabarmendu dute auzoaren izaera. Batezbeste 600 bizilagun inguru izan ditu Txominek, eta bukatzear diren lanen lehenengo fasearekin, auzora 2.000 lagun gehiago iritsiko direla aurreikusi dute. Hain zuzen, urteetan pairatutako uholdeen kalte lazgarriak saihesteko hasi zituzten obrak, eta betiko auzoko eraikin gehienak botatzen ari dira. Lanberri auzo elkarteko Moises Alvarok prozesua gogotsu bizitzen ari direla dio: «Uholdeak ziren gure arazorik garrantzitsuena, urte gogor asko izan dira, eta orain argia ikusten ari gara. Auzoa handituko da eta zerbitzu publiko gehiago izango ditu».
Prozesua oso luzea izan dela gogoratu du Alvarok, Donostiako Udalak 1995ean onartu baitzuen plan orokor berria: «Auzo berria eraikiko zutela esan zuten, eta hasieratik auzo elkartean zeudenak lanean hasi ziren. Proiektua 2005 inguruan onartu zuten, baina gerora arazoak egon ziren lur jabetzekin; ez zuten akordiorik lortzen jabeekin». Edonola, obrak hasi zituzten noizbait eta orain, auzoko familia giroa galtzeko beldur dira betiko bizilagunak. Auzo elkarteak indarra egingo du auzoko giroa mantentzeko eta bizilagun berriei hori helarazteko: «Ez dugu Txomin zaharraren nortasuna galtzea nahi, herri txiki bat izan gara orain arte. Udalari eskatu diogu Txomin Etxearen harmarria eta arkupea gordetzeko, sinbolo gisa». Horrela, bizilagun berriek ere auzoan bizitza egin dezatela nahi dute: «Prest gaude iristen direnei azaltzeko auzoa nolakoa izan den, zeintzuk izan diren gure aldarrikapenak, eta zein jarduera egin izan ditugun. Auzoa berpizteko unea izan daiteke; jende berria iristen denean, beste bizitza bati ekin diezaiokegu».
Azken hilabeteetan Morlansen behin behinean zeuden bizilagunak itzuli dira auzora. Izan ere, batzuek 2011ko uholdeetatik ezin izan zuten itzuli; eta beste batzuek, 2013tik. Horiek guztiak Morlansen egon dira, etxe berriak egin bitartean. Horiez gain, bizilagun berriak ere iristen ari dira. «Gauetan konturatu gara etxe berrietan jendea bizitzen ari dela, argiak piztuak ikusten ditugulako. Momentuz, besterik ez».
Haur txokoa, gaztetxoen elkargune
Txominen denek ezagutzen dute Amarako Patxi Borgue, eta ez da harritzekoa. Duela 8 urte hasi zen haur txokoan lan egiten, Kabia elkartearen bidez. Umeekin eta nerabeekin lan egiten du: «Hemen lan egiten zuena ezagutzen nuen, eta berak uztean ni sartu nintzen. Hasieran publikoa zen, baina udalari oso txikia iruditzen zitzaionez, utzi egin zuen. Auzo elkarteak mantentzea erabaki zuen, eta gurekin harremanetan jarri ziren. Badugu udalaren diru laguntza, baina ez gaude gainontzekoen zerrendan, independenteak gara».
Arratsaldez irekitzen du haur txokoa Borguek, astelehenetik ostiralera; 17:00etatik 18:30era, 4-8 urtekoentzat, eta 18:30etik 20:00etara, 9-12 urtekoentzat: «Auzoa hain txikia denez, familia giroa izaten dugu. Gutxi gorabehera, 25 gaztetxo ibiltzen dira egunerokoan, eta beti izaten dira gehiago txikiak, helduek jarduera gehiago izaten dituztelako eskolaz kanpo. Hori bai, egunero irekitzen dugu eta nahi dutenean etortzen dira». Eskolako etxeko lanak egiten laguntzen die gaztetxoei Borguek; jolasak eta ikastaroak ere egiten dituzte, baita txangoak ere. Gainera, Aste Santuan, uztailean eta abenduan programazioa zabaltzen dute, baita egun osoko irteerekin ere. «Normalean begirale bakarra izaten naiz, baina tarteka etortzen dira ikasleak praktikak egitera, eta opor garaietan bi begirale egoten gara beti».
Haur txokoan ibiltzen diren gaztetxo gehienak Txominekoak diren arren, inguruko auzoetatik ere joaten direla dio: «Eskoletatik etortzen dira, eta gehienak dira Arantzazuko Amakoak eta La Sallekoak. Orduan, badaude Txomin, Loiola, Martutene baita Astigarragakoak ere. Hasieran txikiak lotsatuak egoten dira, baina konfiantza hartu ahala, askatzen joaten dira». Harreman estua dute, gainera, Loiolako kultur etxearekin eta Martuteneko Etxarrienekoekin, eta beti abisatzen diete joan daitezkeen zerbait antolatzen badute.
Auzoa eraldaketa prozesuan dagoen arren, ezer gutxi dakite haur txokoaren etorkizunaz: «Obren eragina orain hasi gara nabaritzen. Kantxa bota dute dagoeneko, eta berria jarri dute, baina behin behinekoa, zaharreko materialarekin. Proiektu asko daude: kiroldegia, kultur etxea… baina oraindik ez digute ezer ere ziurtatu. Lokal hau gainera, ez dugu guk bakarrik erabiltzen, auzotarrek bileretarako askotan erabiltzen dute, eta ikastaroak eta jaiak ere antolatzen dituzte».
Aldi berean, auzoko betiko tabernak botako dituztenez, Santi, Goizuetarra eta Txomin, auzotarrak elkartzeko lekua zein izango den misterio bat da: «Etxe berriak egitearekin batera, tabernak jarriko dituztela pentsatzen dugu, baina ez dakigu gehiago». Duela zortzi urte auzora iritsi zenean, dagoeneko proiektuaz hitz egiten zutela oroitu du Borguek. «Ez dute esaten Loiolakoak direla, Txominekoak dira, errepublika independente bat da; eta badakit batzuk kezkatuak daudela bizilagun berriak etorriko direlako. Orain arte giro estuan mugitu direlako».
Edonola, baikor begiratzen dio etorkizunari Borguek: «Pentsatzen dut etxe berrietara bikote gazteak etorriko direla bizitzera, eta haur gehiago izango ditugula auzoan. Hori ona izango da guretzat eta kultur etxearentzat; bizitza emango diote, auzoa oso zaharkitua dago eta».