"Urari beldurra galdu diogu"
Txomineko bizilagunen egunerokoa asko aldatu da auzoko obrak hasi zituztenetik. Auzo txikia izan da beti, baina etxea zaharretako bizilagun asko Morlansera lekualdatu zituztela eta, oraindik gutxiago geratu ziren. Ostiralero elkartzen dira auzotar asko, elkarrekin afaltzeko eta euren bizipenak partekatzeko, zutik geratzen den taberna gutxietako batean.
Noiz eta zergatik etorri zineten Txomineneara bizitzera?
Asun Urruzmendi (A.U.): Amaran bizi ginen, Portutxo baserrian, bota egin behar zutela esan ziguten, eta mugitu beharra izan genuen. Gainera, orain badago plaza bat Amaran, baserriaren izenarekin.
Pilar Urruzmendi (P.U.): Senarra eta biok etorri ginen lehenengo Txominera, 1975ean. Ergobian hasi zen lanean, eta erdibidean dagoen auzoren batean bizitzea erabaki genuen. Grupo Arevalo izena zuen inguru honek, horrela izena zuelako arkitektoak; orain Aintzieta pasealekua da. Hortik gutxira goiko etxebizitza salgai jarri zuten, eta ahizpa etorri zen gurasoekin.
Nolakoa zen orduko Txomin hura?
A.U.: Askoz negozio gehiago zeuden orduan: harategia, drogeria, arrandegia, gozoki denda, ile-apaindegia, tailer mekanikoa, zapataria, telebistak saltzen zituena…
P.U.: Bikote gazteak ginen, ume txikiekin, lanean, eta bakoitza bere martxan ibiltzen zen.
Orain nolakoa da egunerokoa?
A.U.: Orain edozer erosteko edo bankuan mugimenduren bat egiteko, gutxienez Loiolara joan behar dugu.
P.U.: Bai, negozioak pixkanaka-pixkanaka denak galtzen joan dira; denda txiki bat geratu zaigu, besterik ez dago. Gehienak erretiratuak gaude, eta seme-alabak hazita. Alokairuan badago jende gazteagoa ere, eta kanpotarrak gehienak.
Klub sozial moduan Santi erabiltzen dugu, kantxaren ondoan dagoen taberna. Horra joaten gara elkarrekin egotera. Ostiraletan elkartzen gara afaltzeko kuadrilla handia; tabernakoek edaria jartzen dute, eta bakoitzak bere etxetik jateko zerbait eramaten du. Gainera, denetatik elkartzen gara, zaharrak, gazteak, militarrak… gehienetan partekatzeko zerbait eramaten dugu eta gustura egoten gara.
Halakoetan auzoko obretaz hitz egingo duzue, ezta?
A.U.: Bai. Gainera, bilerak ere oso maiz izaten ditugu obretako arduradunekin. Asteazkenetan elkartzen gara, azaltzeko lanak nola doazen, zer egiten ari diren, bizilagunen kexak jaso… obren mugimenduarekin zirrikitu asko sortu dira etxeetan eta garajeetan, eta batzuk asko haserretu dira.
P.U.: Orokorrean auzokoak pozik daude. Baikor. Gauza da orain ez dagoela ezer ere, eta bizi pixka bat izateko denda batzuk ongi etorriko dira. Beste batzuk beldur ere badira, kanpokoak etorriko direlako eta lehengo goxotasuna galduko delako. Hala ere, nik uste dut gehienak pozik daudela, auzoa politagoa egongo dela pentsatzen dute eta horrek poza ematen du.
Nola bizi izan dituzue uholdeen garaiak?
P.U.: Etxean ez, baina garajeetan askotan sartu zaigu ura, ia metro bateraino. Isla batean bezala geratu izan gara, dena urez inguratuta; bi aldiz behintzat harrapatu izan gaitu urak, baina ondo.
A.U.: 1983an izan ziren uholde handiak, eta ondo gogoan ditut. Abuztuan izan ziren, senarra eta biok ezkon bidaiatik iritsi ginenean. Hurrengo egunean iritsi izan bagina, ezingo genuke etxean sartu. Trenak ere geratu zituzten, ur handiengatik. Gogoratzen naiz behin olatu handi bat etorri zela eta Goizuetarra tabernako hormigoizko mahai bat mugitu zuela errepideraino.
Bizilagunen artean nolakoa izan da giroa halakoetan?
P.U.: Uholde handiak izan direnetan, bakoitza bere etxean egon izan da. Orain bota dituzten Abarzuzako etxe horietan izaten zen okerrena, behin ikustera joan ginela gogoan dut, korronte handia zegoen eta ur gainean etorri ginen gero. Beldur handia pasa genuen. Ordu erdi batean metro erdi bat baino gehiago igo zen ura, eta barruan geratutako jendea uretako flotagailu batzuekin ateratzen aritu ziren.
A.U.: Askori etxea guztiz hondatu zitzaien urarekin…
Aspalditik esan izan dute politikariek obrak egingo dituztela uholdeak saihesteko. Azkenean, hasi zituzten.
Aldaketa handia izango da?
P.U.: Bai, gutxi gorabehera hogei urte badira hasiko zirela esaten zutenetik. Orain ilusioarekin gabiltza. Gure etxea orain zaharrenetakoa izango da, baina ondoan egingo dituztenak gurearen itxura berekoak jarriko dituzte. Gure etxeak ere konpontzen ari dira, pareta guztiak babesten ari dira, isolatzeko. Hotza eta beroarentzako alde handia nabarituko dugu. Gasaren ordez ere beste sistema berri bat izango dugu, Alemaniakoa. Fabrika moduko bat jarri dute [District Heating zentral energetikoa] eta handik jasoko dugu energia bai ur beroarentzako bai berogailuentzako ere.
A.U.: Auzoa polita geratzen ari da.
Betiko Txominetik etxe gutxi geratuko dira, ezta?
P.U.: Auzoa ez da ezagutu ere egingo. Gure etxeak eta beste marroi batzuk geratuko dira.
A.U.: Villak ere bota zituzten, batek pena handia eman zigun, eta Txomin erretegia eta inguru hori dena ere bota egingo dute.
Dagoeneko lasaitasunean irabazi duzue lanak hasi zituztenetik edo beldurra izaten duzue oraindik?
P.U.: Urari beldurra galdu diogu. Joan den udaran ere egin zituen euri jasa handiak eta ez zen batere urik atera.
A.U.: Zubi berria ere egiten hasi dira, zutoinik gabe, eta horrek beste askatasun bat emango dio errioari.
Luze egiten ari zaizue?
P.U.: Orain arte bai. Orain jada aldaketak ikusten ari gara.
A.U.: Bai, zimentuak ateratzen ari zirenean luze egin zitzaigun, kolpe handiak nabaritzen genituen.
Nolakoa izango da etorkizuneko Txominenea?
P.U.: Auzo berri bat izango da. Hasieran aurkeztu zizkiguten proiektuetatik asko aldatu da asmoa. Lehenengo planoak ekarri zituztenetik, egin dutenera, aldaketak egin dituzte. Supermerkatua jarriko dutela esan dute, kirola egiteko lekua… errepidea ere atzetik joango da, eta aldaketa handia izango da.
A.U.: Bizi handiagoa izango du, hilda zegoen eta. Lau katu geratu ginen hemen, batzuk Morlansera eraman zituzten eta. Tarteka etortzen dira auzora; batzuk oso bakarrik sentitzen dira han, eta itzultzeko desiatzen ari dira.