Merkatuak bizia eman zion auzoari urte askoan
Hainbat lagunek etxe zahar bat okupatu zuten Txominenean 1994an, eta bizilagunekin harreman estua izan zuten.
Txominenean urte askoan etxe handi bat okupatua egon zen; Txomin etxea deitzen zioten, eta okupek harreman estua egin zuten bizilagun askorekin. Asier Mendizabal izan zen etxe hartan bizi izandako bat: «Han bizi zenetatik inor ez zen Txominekoa. Ni Loiolakoa naiz eta ni izango nintzen gertukoenekoa. Hala ere, Txomin oso auzo txikia da, denok ezagutzen genuen elkar». 1994an okupatu zuten; hortik urtebetera joan zen Mendizabal hara bizitzera, eta lauzpabost urtez egon zen. «1999an merkatua egiten hasi ginen, larunbat goizetan. Bizilagunak etortzen ziren, gauzak erostera, denbora pasatzera edo hitz egitera, eta harreman estuagoa lortu genuen. Auzoko ume eta gaztetxoekin ere izan genuen harremana, sanjoanetan eta halako jaietan egoten ginen». Harreman horiek, gainera, oraindik ere mantentzen dituela dio: «Bizi izan nuen hori oso natural, nire bizitzako garai batean, inongo helbururik gabe, eta hogei urteren ostean konturatzen zara harreman horiek bizirik dirautela».
Hemeretzi urtez, larunbatero egin zuten merkatua, eta Mendizabal Martutenera bizitzera joan zen arren, jarraitzen zuen merkatuan parte hartzen: «Horrela jarraitzen nuen Txominekoekin harremanetan, oso auzo jatorra izan da beti».
Uholdeak ere ondo gogoan ditu: «Beti sartzen zitzaigun ura, eta beti ibiltzen ginen trasteak lehortzen eta dena mugitzen». Hain zuzen, uholdeak saihesteko obrak zirela eta, etxe okupatua bota zuten, eta elkartu egin ziren han bizitako denak, 2014ko martxoan, agur jaia egiteko. Hala ere, beste bi urtez jarraitu zuten merkatuarekin, trasteak beste lokal batean gordeta, guztiz utzi behar izan zuten arren. Jaiekin ere lotura izan zuen Mendizabalek, irailean berreskuratu zituztenean. Ttan Ttakun irratiaren bidez musika jaialdia egin baitzuten, lauzpabost urtez.
Morlanstik Txominera
Obren ondorioz, Martuteneko bizilagun gisa, Morlansera mugitu zuten behin-behinean Mendizabal, Martuteneko eta eta Txomineko beste bizilagun batzuekin batera. Han daramatza hiru urte, eta hilabete batzuk barru Txominera itzuliko da. «Harremana dezente galdu dut auzoarekin, baina Morlansen baditut Txomineko bizilagunak».
Etorkizunari baikor begiratzen dio: «Etxe berriak egin dituzte, baina Txomineko zati zaharrena aldatzeko daukate, eta argi dago behin bukatuta auzo berri bat izango dela. Oso auzo ahaztua izan da, eta horrek xarma ere eman dio, auzokoak elkartzeko. Orain desberdina izango dela pentsatzen dut».