"Uste dugu gehiago kaltetzen duela auzoa etxe huts batek"
Gazte batzuek eraikin huts bat okupatu zuten Intxaurrondon, duela hiru hilabete, eta auzoari ireki diote, aurkezpen gisa.
Gazte batzuek eraikin huts bat okupatu zuten duela hiru hilabete Intxaurrondon, eta auzoari ireki diote, aurkezpen gisa. Han izan da IRUTXULOKO HITZA: “Intxaurrondoko Gazte Asanbladan eztabaida prozesu bat abiatu genuen. Ikusten genuen auzoan arazo bat zegoela etxebizitza bat lortzeko, eta erabaki genuen lanketa bat egitea, tresna gisa okupazioa erabilita. Talde osatu eta adostu genuen etxe honetara sartzea”. Hain zuzen, Intxaurrondo kaleko 32. zenbakiko etxea da okupatu dutena, eta han bizitzen ari dira auzotar batzuk eta Donostian ikasten ari diren beste ikasle batzuk. Gazteek jakin dutenarengatik, eraikina Elizarena da, eta 2006tik dago hutsik: “Jendearentzako adibide izatea nahi dugu, erakusteko egingarria dela okupazioa, eta autogestioaren bitartez pausoak eman daitezkela. Uste dugu gehiago kaltetzen duela auzoa etxe huts batek”.
Guztira, 500 metro koadro ditu eraikinak, hiru solairutan banatuta, eta, horretaz gain, lorategiarentzako lekua ere badu kanpoan. Gazteek badakite, noski, okupazioa ez dela legezkoa, baina orain “nahiko lasai” daudela diote: “Hasieratik prozesu judiziala ireki digute, baina gero eta lasaiago gaude. Izan dugu halakoetan esperientzia gehiago duen Donostiako jendearen laguntza”.
Egonkortasuna lortzen badute, eraikina oraindik gehiago txukundu eta badituzte ideia gehiago, Letaman gaztetxearen baliabideak ere erabiliz. Esaterako, buruan dute garbigailu bat jartzea, erabili dezaten etxea okupatu dutenek eta auzoan bizi diren migratzaileek. Baratzeak abian jartzea ere gustatuko litzaieke.