Añorgako memoria industriala berreskuratuko dute
Lankidetzan ariko dira Museum Cemento Rezola eta Matia Fundazioa, eta Añorgako zaharren ongizatea bultzatzeko aktibitateak egingo dituzte.
Lankidetzan ariko dira Museum Cemento Rezola eta Matia Fundazioa. Añorgako zaharren ongizatea bultzatzeko aktibitateak egingo dituzte, eta auzoko memoria industriala errekuperatzeko lan egingo dute.
Akordioa sinatu berri dute Cemento Rezolako Antonio Nolascok eta Matiako Mari Carmen Garmendiak. Horrela, asmoa da identifikatzea Matian daudenen artean, industria sektorean lan egindakoak direnak, eta museoaren ondare ez materiala izan daitezkeenak. Museoaren Añorgatarrak proiektuaren barnean sartuko dute lortutakoa.
Museum Cemento Rezolak konpromisoa hartu du museoan bisita gidatuak eta ikastaroak antolatzeko, interesa duten adinekoentzat eta elbarri edo urritasunen bat dutenentzat. Horretaz gain, baloratuko dute behin-behineko erakusketa bat egitea, pertsona guztientzako arkitektura gai hartuta. Hor erlazionatuko lituzkete Matia Fundazioaren historia eta Cemento Rezola.