Ertzaintzari euskaraz hitz egiteko eskatu zion Ernaiko kideari 600 euroko isuna jarri diote
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak herritarraren hizkuntza eskubideak urratu zirela aitortu eta barkamena eskatu zuen poliziek izandako jarreragatik. Orain, ordea, Mozal Legea aplikatu diote Ernaiko kideari.
Maiatzean Donostiako Ernaik jazarpen poliziala salatzeko eginiko ekitaldi batean, Ertzaintzak gazte bat identifikatu zuen honek poliziei euskaraz hitz egiteko eskatu zielako. Hilabete batzuk igarota, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak herritarraren hizkuntza eskubideak urratu zirela aitortu eta barkamena eskatu zuen poliziek izandako jarreragatik. Gaur, ordea, gazte antolakundeko kideari Mozal Legea aplikatu eta 600 euroko isuna jarri diotela jakinarazi du Ernaik.
Isuna “identifikazioa oztopatzeagatik” jarri diotela azaldu dio Ernaik IRUTXULOKO HITZAri. Tokiko hedabideak identifikazioaren unea grabatu zuen, eta zabalduriko bideoan ikusi daiteke gazteak poliziekin izandako elkarrizketa. Grabazioan, Ernaiko kideak argi uzten du nortasun agiria agenteei emateko prest dagoela: “Hiritar bezala eskatzen dut euskaraz eskatzeko, eta emango dut”. Ertzainetako batek identifikazioa euskaraz eskatu zion unean, gazteak zuzenean entregatu zuen bere nortasun agiria.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gertatutakoa salatu zuen maiatzean, eta irailean, Segurtasun Sailak eskubideen urraketa onartu eta gertakarian parte hartu zuten agenteei euren betekizunak gogorarazi zizkiela adierazi zuen. Gainera, “jardueran esku hartu zuten ertzainek eta unitateko aginte-koadroak” herritarrari euren partetik “barkamena helarazteko” eskatu zioten Behatokiari.
Ernaiko kideari iritsi berri zaion isunaren harira, “bidegabekeria honi aurre egiteko bidea” aztertuko duela adierazi du Behatokiak.