G7aren goi-bileraren aurkako Donostiako taldearen aurkezpena egingo dute
Abuztuaren 23tik 26ra bitarte, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italia, AEB, Kanada eta Japoniako agintariak Lapurdiko kostan bilduko dira, segurtasun neurri handiez babesturik.
G7ak udaran Miarritzen egingo duen goi-bileraren aurkako G7 Ez plataformak talde bat osatu du Donostian, eta datorren astean egingo dute bere aurkezpena. Abuztuaren 23tik 26ra bitarte, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italia, AEB, Kanada eta Japoniako agintariak Lapurdiko kostan bilduko dira, segurtasun neurri handiez babesturik.
G7 Ez plataformak salatu du urtero egin ohi den goi-bileran “inegalitate sozialak bultzatu” eta “beste herriei inposatzen zaizkien ekonomia eta finantza politikak” erabakitzen direla: “G7ko gailurrak mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa dira, kapitalismoaren interesen araberako konpromiso hoberenak bideratzeko eginak”.
Bilkuraren Euskal Herriko oposizioa antolatu eta erantzun bat antolatzeko asmoz jaio zen G7 Ez plataforma, lurraleko hainbat eragile, sindikatu eta alderdi politikoen babesarekin. Donostiako taldearen aurkezpena otsailaren 9an egingo dute, 12:00etan, Artzain Onean.