Ahal Duguk alkategaia aukeratzeko primarioen kanpaina abiatuko du
Aitzole Araneta donostiarra izango da zerrendaburu bakarra hiriko primarioetan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k udal eta foru hauteskundeetarako primarioak egingo ditu. Tartean, Donostiako alkategaia aukeratuko dute. Aitzole Araneta donostiarra izango da zerrendaburu bakarra hiriko primarioetan.
Aranetak 36 urte ditu, sexologoa eta berdintasun zein pardaidetza teknikaria da. Ahal Dugu-ko kidea ez ezik, Podemos alderdiaren estatuko LGTBI arduraduna da. Unidos Podemos talde parlamentarioak aurkeztu dituen LGTBI legeen prestaketan parte hartu du. Aktibista gisa trans komunitatearen, LGTBI eta emakumeen eskubideen alde bide luzea egin du.
Hiritarren ilusioa berreskuratuko duen proiektu politiko sendo bat bultzatu nahi du Aranetak. “Berdintasuna sustatzen duen hiri eredu bat, jasangarria, inklusiboa eta inor atzean uzten ez duena”, adierazi du.
EAJ-PSE-EE alderdiek osatzen duten udal gobernuaren hiri eredua turismo jasanezinera bideratua dagoela uste du hautagaiak. “Donostiak gero eta bisitari gehiago jasotzen ditu, eta hiria enpresa multinazional handiz betetzen ari da. Eredu sozioekonomiko honek lan prekarioa eta ezberdintasuna bultzatzen ditu”.
Egungo hiri ereduaren ondorioz, beste arazo batzuk sortu direla nabarmendu du. “Donostiako gazte gehienek oztopo handia aurkitzen dute etxebizitza bat lortzeko; tokiko eta eguneroko artisau merkataritza sarea urritzen ari da eta orokorrean Donostiako hiritarrok bizitza kostuaren igoera pairatzen dugu. Honi gehitu behar dizkiogu etengabeko esparru publikoaren pribatizazioa eta espekulazioa, eta hiriaren ondare historikoa eta industrialaren desagertze mailakatua”.
Aranetaren ustez, “guztion artean” zer nolako hiria eraiki nahi den erabakitzeko unea iritsi da. “Hiri inklusiboa, atsegina, parte hartzailea, hiritarrak udaletxeko erabaki politiko nahiz administratiboen erdigunea izango direnak, edo, aldiz, turismoarentzat soilik pentsatutako erakustoki bat?”, azpimarratu du.