Gai jartzaile ikastaroa antolatu du Bagera elkarteak
Bagera elkarteak gai jartzaile ikastaroa antolatu du otsaila eta martxorako, eta Iker Iriarte alegiarrak gidatuko ditu saioak. Iriartek eskarmentu handia du gai jartzaile gisa, eta hainbat sariketa eta txapelketetan aritu da gai jartzaile moduan.
Ikastaroko saioak Bagera elkartearen egoitzan izango dira (Hernani kalea 15) asteartetan, zehazki, otsailaren 26an, martxoaren 5ean, martxoaren 12an eta martxoaren 26an. Bi ordu eta erdiko lau saioak 18:30ean hasiko dira eta 21:00etan amaitu eta 35 euroko prezioa izango dute. Bazkideek, ikasleek eta langabetuek 25 euro ordaindu beharko dituzte. Izena emateko 943 005 074 telefonora deitu edo bagera@bagera.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi behar da.
Ikastaro honek Donostian bertsolaritza kultura sustatzea du helburu nagusitzat. Gainera, gai jartzaile aritzeko gutxieneko irizpideak dituzten pertsonen multzoa handitzea bilatzen du. Bestalde, Bagera elkarteak erraztasunak sortu nahi ditu formatu txikiko bertso saioak hiriko auzoetan ugaritzeko. Ikastaro honek gai jartzaile ofizioaren barrunbeetan arakatu nahi du, modu teoriko eta praktikoan.