"Migrazioak jarri digun erronkari ahalik eta erantzun bateratuena bilatu nahi diogu"
Hiriko hainbat eragilek deiturik, igandean migratzaileen eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute Donostian, 'Inor ez da ilegala. Pertsona guztiontzat eskubide guztiak' lelopean. Protestaren antolatzaileek prentsaurrekoa eskaini dute euren aldarriak zeintzuk diren azaltzeko.
Euren helburua migrazioaren fenomenoak “parez pare jarri digun erronkari herritar gisa ahalik eta erantzunik egoki eta bateratuena bilatzea” dela azaldu dute, horretarako bi lan ildo finkatuz: “batetik, instituzioek duten utzikeria eta erantzun eskasaren salaketa dinamika zabal eta iraunkor bat garatzea eta, bestetik, migratzaileei ahalik eta harrera duinena ziurtatzea gure helburuak lortu bitartean”.
Helburu horiek lortzeko bidean, herritarrak elkarlanaren inguruan bilduko dituzten oinarrizko printzipio batzuk proposatu dituzte:
- Inor ez da ilegala.
- Hemen lan eta/edo bizi diren guztiek eskubide guztien jabe izan behar dute.
- Harrera duin bat jasotzeko eskubidea dute gurera datozen migratzaile guztiek; are gehiago egoera zaurgarrian daudenek.
- Instituzioei dagokie eskubide guztiak eta harrera duin bat bermatuko zaiela ziurtatzea.
Gainera, eragile edo norbanako gisa laguntzeko modu ugari daudela gogoratu dute prentsaurrekoan: arropa, diru, eta janari bilketetan parte hartuz, Txantxarreka gaztetxeko txandekin lagunduz, migratzaileen babeserako balio dezaketen lekuak bilatuz… Azkenik, igandean 12:00etan Bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.